- Estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da Jabetze Feministarako Eskola, eta hamar urte beteko ditu aurten, programazio sendoarekin. "Desberdintasunetan arreta jartzen jarraitzeko akuilu, bereziki azken garaiotan, baita zenbait foro publikotan ere, erdi ezkutuan zenbaitetan, bortizki beste batzuetan, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan zalantzak erakutsi dituenik agertu den honetan. Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboak, emakume-elkarteak eta elkarte mistoek, eta hainbat gobernu-talde, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik", azaldu zuten Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak eta Mireia Espiau zerbitzuburuak, ikasturte berriko programazioaren aurkezpenean.

Atzo ireki zen Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak izena emateko epea, irailetik maiatzera arteko programazioko 77 jardueretarako. Bi nobedade izango dira ikasturte honetan: feminismo dekolonialari buruzko Herri Handi hitzaldi-zikloa -mundu osoko ekintzaileek emango dituzte hitzaldiak-, eta feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizon eta Emakumeen Berdintasunaren Masterrarekin -berdintasun-agenteak-elkarlanean. Lehen lauhilekoan, jarduerak online izango dira, covid-19aren komunitate-transmisioari aurre egitea helburu.