- Atzo goizean gorakada garrantzitsu baten berri eman zuen, berriz ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun saliburua den Nekane Murgak. Izan ere, aurreko egunean zehar, 5.617 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 338 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 44 eman ziren Araban, 233 Bizkaian, 57 Gipuzkoan eta 4 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan.

Murgak kezkatuta daudela adierazi zuen, eta "dudarik gabe, bigarren olatuaren aurrean gaudela". Izan ere, gogoratu zuen birusa zabaltzen ari dela eta ez dela orain lehen baino kaltegabeagoa. "Kezkatuta gaude, bereziki, Bilbon, Gasteizen eta Barakaldon ematen ari den kutsadura tasagatik, bertako biztanleek mugikortasun handia daukatelako". Hauetan, 126, 38 eta 28 positibo berri erregistratu ziren asteazkenean hurrenez hurren. Hala ere, eta kazetariek horren inguruan galdetuta, azpimarratu zuen beste udalerrietan eraginkorrak izan diren neurri espezifikoak aplikatzea ondo legokeen ala ez aztertzen dabiltzatela. Adibidez, Ermuan eta Eibarren gau aisialdiarekin erlazionatuta dauden neurriak hartu ziren, fokuei eusteko, baina ez dakite ondino eraginkorrak izango ziren hiru leku hauetan. "Ez dakigu ostalaritzan neurriak har-tzen baditugu honi aurre egingo diogun edo beste leku batzuetan jarraituko duten aisialdiarekin, hiri hauetatik kanpo", adierazi zuen Murgak zentzu horretan.

Gainera, sailburuak aurreratu zuen kutsatuen batezbesteko adina uztailaren amaierakoa baino altuagoa dela, eta horren harira, "askotan, tarteko adineko pertsonek ospitaleratzea eta ZIUa behar dituztela". Bere hitzetan, "40 eta 70 urte bitarteko biztanleek sarritan birus honek eragiten duen aldebiko pneumonia txarto toleratu dezakete".

Halaber, ospitaleen egoera dela eta, covid-aren ondorioz 8 pertsona ospitaleratu ziren asteazkenean, eta covid-a duten 5 pertsona ZIUn daude. Gainera, eta adierazi zuenez, momentu honetan positibo diren 2.000 pertsona baino gehiago daude identifikatuta Euskal Herrian, eta 10.000 kontaktuei egiten ari zaie jarraipena. "Ezinbestekoa da koarentena ondo betetzea eta segurtasun neurriak beti argi edukitzea".

Horregatik, maskara erabili behar dela gogoratu zuen, baita distantzia mantendu -"hobe bi metro, metro eta erdia baino"-, eta harremanak ahal den heinean saihestu. "Koronabirusak kutsatze ahalmen berdina dauka, eta pixkanaka-pixkanaka zabaltzen ari da. Horregatik, segurtasun neurriak hartu behar ditugu beti: eskuak garbitu, maskara erabili eta harremanak murriztu. Birusak erakusten digu normaltasun berri bat ez dela posible; distantzia hartu behar dugu". Izan ere, eta gogoratu zuenez, jendea gaueko aisialdian kutsatzen ari da, baita beste pertsonekin terrazetan hitz egiten dagoen bitartean, etab. Horregatik, berriz ere, herritarren erantzukizuna eskatu zuen Murgak, eta aurreratu zuen Osakidetzak oraindik maniobra tartea daukala eta ospitaleratze eta ZIUrako plantak prestatuko dituztela, "kutsatuko diren pertsonek ospitaleratu beharko direlako, eta batzuk, dudarik gabe, hil egingo dira", aztertu zuen gainera.

Azkenik, eta kazetariek ere horren inguruan galdetuta, momentu honetan dauden fokuen inguruan hitz egin zuen. Zentzu horretan, Urdulizko Ospitalean, orain arte 523 PCR proba burutu direla azaldu zuen, Erandio Goikoa Ba-tzokiko garagardotegiko bezeroen artean egiten ari diren baheketa lanak direla eta. Horietatik, 4 positibo izan dira. Atzo, gainera, 257 proba egin ziren.

Bestalde, Basurtuko Ospitalean orain arte 154 PCR egin dira zuzenean Erandio Goikoako garagardotegiaren fokuarekin lotuta, positibo bakar batekin, eta beste 111 PCR proba Fever diskotekaren fokuaren inguruan, 18 positiborekin. Atzo, fokuokin lotutako hamar bat lagunek egin zuten proba.

8

Ospitaleen egoera dela eta, covid-aren ondorioz 8 pertsona ospitaleratu ziren asteazkenean, eta covid-a duten 5 pertsona ZIUn daude. Gainera, eta Osasun sailburuak adierazi zuenez, momentu honetan positibo diren 2.000 pertsona baino gehiago daude identifikatuta Euskal Herrian, eta 10.000 kontaktuei egiten ari zaie jarraipena.

40

Halaber, sailburuak aurreratu zuen kutsatuen batezbesteko adina uztailaren amaierakoa baino altuagoa dela, eta horren harira, "askotan, tarteko adineko pertsonek ospitaleratzea eta ZIUa behar dituztela". Bere hitzetan, "40 eta 70 urte bitarteko biztanleek sarritan birus honek eragiten duen aldebiko pneumonia txarto toleratu dezakete".