Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol sailak eskola kirola ikuskatzeko ahalmena babesten duen foru arau batean dabil lan egiten. Hala adierazi zuen atzo sailaren foru diputatua den Ana del Valek Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Del Valek adierazi zuenez, honekin orain arte ikusi dituzten "disfuntzio" batzuk arindu nahi dituzte, eta horretarako "gure kirol politika berriz pentsatzea komeni da". Diputatuaren hitzetan, disfuntzio horien artean, adibidez, "zailtasun gorakor bat" dago kirolari zuzendutako espazioen kudeaketan; arrisku "kezkagarri" bat dago, publikotasunaren ikuspegitik, ekimen pribatuen gorakadan eskola kirolaren adinetan; monokirolarenganako lehentasuna dago; eta "askotan lehiakortasunaren lerroan ibiltzen da adin txikietan".

Horregatik, gai guzti hauei erantzuna emateko, kontsultarako batzordeak hala gomendatuta, kirola ikuskatzeko ahalmena babestu eta bermatzen duen foru arau horretan hasi ziren lan egiten. "Kirola, publikotasunaren ikuspegitik, berdintasunezko baloreak helarazteko tresna eraginkorra da, baita esfortzua, talde lana, tolerantzia, errespetua, konpromisoa eta gainditzea sustatzeko", azaldu zuen gainera.

Eskola kirolaren programa, ikastetxeek sustatzen dituzten jarduerekin lotuta, Araban ekintza garrantzitsua dela deritzo. Izan ere, bertan ez du soilik Arabako Foru Aldundiak parte hartzen, baizik eta entitate lokalek ere -ikastetxeak, guraso elkarteak, federakuntzak eta klubak-. Datuen arabera, 40 jarduera desberdin eskaintzen dira, eta horietan 20.000 gazte baino gehiagok hartu dute parte eskola kirolaren 2019-2020 urteetako kanpainan -8.400 neska, eta 12.300 mutil-.

Parte-hartzea guztira, Del Valek gogoratu zuenez, 6 eta 16 urte bitarteko arabarren %45ekoa izan da. Antolakuntzan, 271 entitate, 70 ikastetxe, 182 klub eta 19 federazio izan dira. "Eskola kirolaren alde lan egitea, garapen fisiko eta emozionalaren alde lan egitea da", azpimarratu zuen diputatuak. Izan ere, honekin obesitateari eta gehiegizko pisuari aurre egiten zaio. Aurkeztutako foru arauaren proiektu honek kirolanitza eta berdintasuna sustatu nahi ditu, eta gainera ikuskatzeko ahalmena txertatu. "Ezinbestekoa da tresna hau edukitzea eta euskarri juridikoa hobe da foru araudi batekin egitea".

Berdintasunaren esparruan, nesken presentzia sustatu nahi dute gainera kirol disziplina guztietan, eta bereziki haien parte-hartzea adierazgarria ez den horietan. Era horretan ere, "estatistikek dioten arabera, kirol jardueren uzte goiztiarra ekiditu nahi dugu". Horretarako, genero ikuspegia txertatu nahi dute eskola kirolean, parte-hartzea sustatzearren.

Eh Bildu, PP eta Elkarrekin talde politikoetako batzarkideek haien txandetan ekarpenak egin zituzten berdintasunaren inguruan, baia euskeraren, desgaitasunen eta multikulturalitatearenean ere, eta del Valek proposamen eta eskaera guzti hauek esker onez jaso zituen. Izan ere, adierazi zuenez, foru arau hau hasierako pausoa izango da hasi berri duten ibilbide honetan. "Araua gutxieneko euskarri administratiboa da. Ondoren etorriko den arautegia eta helburuen betetzearen kudeaketa izango dira programa honen arrakastara hurbilduko gaituzten pausoak", adierazi zuen hauei erantzunez, eta elkarlanean osatuko den programa bat dela kontuan izanda, talde politiko guztien ekarpenak ongi etorriak izango direla aurreratu zuen. Horretarako, eta gutxieneko araua dela gogoratuz, kontuan hartuko ditu etorriko den Jarduera fisikoaren eta kirolaren Euskal Herriko legearen ildoak. "Orain garrantzitsuena da gutxieneko arau bat dela, eta araudi batek eta garapenak hau lagundu behar dutela. Irailaren amaieran zirriborroa prest edukitzea espero dugu -ez dut berretsi nahi, egoera dela eta-, baina nire asmoa neguari begira dena itxita edukitzea da", amaitu zuen.

Berdintasuna sustatu. Nesken presentzia sustatu nahi dute kirol disziplina guztietan, bereziki haien parte-hartzea adierazgarria ez den horietan, eta "estatistikek dioten arabera, kirol jardueren uzte goiztiarra ekiditu" nahi dute. Horretarako, genero ikuspegia txertatu nahi dute eskola kirolean parte-hartzea sustatuz.

Kultura eta Kirol sailaren foru diputatuak adierazi zuenez, "ondoren etorriko den arautegia eta helburuen betetzearen kudeaketa izango dira programa honen arrakastara hurbilduko gaituzten pausoak".

%45

Datuen arabera, 20.000 gazte baino gehiagok hartu dute parte eskola kirolaren 2019-2020 urteetako kanpainan -8.400 neska, eta 12.300 mutil-; 6 eta 16 urte bitarteko arabarren %45a.

271

Eskola kirolaren 2019-2020 urteetako kanpainan eskaini diren jarduera guztien antolakuntzan -Kultura eta Kirol sailaren foru diputatua den Ana del Valek hala azaldu zuenez- 271 entitate, 70 ikastetxe, 182 klub eta 19 federazio izan dira guztira.