asteizen Aztarna ekimena jaio berri da gizarte bezala aldaketak sortzen animatzeko eta mundurako hiririk "onena" sortzen laguntzeko. Ekimen honekin, covid-19arekin bizi berri duten esperientzia aprobetxatu eta erantukizunarekin jokatu behar dela diote sortzaileek. Izan ere, horren atzean Clip dago, politikagintza-berrikuntza hiri laborategia.

Proiektua www.aztarna2030.org web orrialdean dago ikusgai, eta eman duten lehenengo pausoa agiri bat argitaratzea izan da. Izan ere, "Aztarna marka uztea da; itun pertsonal bat helburu kolektibo batekin: munduko udalerririk onena izatea hemendik 2030. urtera". Atzo ekimen hau Sara Buesa eta Alberto Lardies kideek aurkeztu zuten telematikoki, eta 60 bat sinadura dituztela aurreratu zuten. Horien artean, Unax Ugalde aktorea, Nieves Zarza kirolaria, edo demokraziaren lehenengo alkatea -Jose Angel Cuerda-, aurki daitezke, besteak beste.

Web orrialde horretan, gainera, 75 ekintza daude ere ikusgai. Hauek "Gasteiz hobeago batera igarotzeko" lagungarriak izan daitezkeen proposamenak dira, eta herritarrek ere beste zenbait proposatu ditzakete helburu horrekin sortutako foroetan. Bi dokumentu hauek Garapen Iraunkorrerako Helburuen bost arlo handien zimenduetan eraiki direla gogoratu zuten: pertsonak, oparotasuna, planeta, bakea eta aliantzak. "Hauek gidalerro aproposak dira, globalki adostu direlako XXI. mendeko erronkei aurre egiteko eta 2030. urtea helmuga izanda", adierazi zuten eskainitako prentsaurrekoan.

Agiria bost ardatz horietan banatzen da, eta hasieran "konpromiso hauek hartzen ditut Gasteizko hiritar naizen aldetik" esaldia ikus daiteke. Pertsonen inguruan, inor atzean utzi gabe bizitzea, kontziente izanik bakoitzaren errealitateak sortzen duen prekarietate eta diskriminazioaz, eta bakoitzaren esku dagoen guztia eginez pertsona denen ongizatearen aldeko lana bultzatzen dute. "Sistema bat bidezkoa, duina eta indartsuagoa da pertsona guztiok aukera-, tratu- eta baldintza- berdintasuna dugunean. Giza Garapen Iraunkorrak zedarritzen digu desberdintasunak murrizteko eta gure potentzial osoa lortzeko bidea", diote gainera.

Oparotasunari buruz ere hitz egiten dute agiri horretan, eta zentzu horretan hiri kritikoagoa, prestatuagoa, askotarikoa eta inklusiboagoa eraikitzea proposatzen dute ekimenaren sortzaileek, guztion ongizatea interes partikularren gainetik egongo den eredu ekonomiko bat bultzatuz bakoitzaren ekintzekin. "Gizarte oparo bat ez da bakarrik BPGaren arabera neurtzen, pertsona guztiek osasunerako, hezkuntzarako, lan duin baterako eta, halaber, askotarikoa, kritikoa eta anitza izango den kulturarako duten bermeagatik baizik, aberastasunaren araberako banaketa eta zaintzen duen eta zaintzen den gizarte bat sustatuz". Iraunkorra izango den hazkunde bat behar dela ere adierazten dute, "dirua helburu horien zerbitzuan jarriko duena".

Planeta zaintzeko ere, egunez egunekoaren inpaktu negatiboa murrizteko proposamena egiten dute. "Planeta osasuntsu baten beharra dugu gizateria zaintzeko", azaltzen dute haien web orrialdean. Izan ere, ingurumenaren kutsadura atmosferikoak dagoeneko 800.000 heriotza eragiten dituela urtero Europan gogoratzen dute argitaratutako agirian.

Aztarnako web orrialdean beste bi gai lantzen dituzte: bakea eta aliantzak. Lehenengo kasuan, hirian modu bizian inplikatzeko gonbidapena egiten dute, eta desadostasunei lankidetzatik, enpatiatik eta onestasunetik heltzeko. "Hiritartasun kritiko, arduratsu eta demokratikoaren eraikuntza ezin da geratu asmoen adierazpen hutsean edo hautetsontzi batean. Eguneroko jardunarekin eman behar diogu horri zentzua, elkarren artean lagunduz, ezberdina denarekin interakzioak sortuz, aberastasuna dakarren osagarri den aldetik, eta geure buruarekin eta gure kargu politikoekin zorrotzak izanez", diote gainera sortzaileek. Aliantzen inguruan, hauek pertsona, erakunde, antolakunde, eskualde eta, are, herrialdeen artean bultzatzea gomendatzen dute, "lankidetzaren alde eginez elkarlehia ordez".

Horrela, elkarlanean aritzera gonbidatzen dute ekimen honen sortzaileek herritar guztiak, eta honekin bat egitera ere. Izan ere, puntu guzti hauek izenpetu daitezke web orrialdean sartuz eta agiri hau sinatuz. "Normalean pentsatzen dugu mundu justuago bat, berdintasunezkoa, oparoa eta iraunkorra lortzea ez dagoela gure esku, baina non erosten dugun edo nola mugitzen garen erabakitzen dugunean gure harri koskorra jartzen dugu. Horregatik, ekimen honek inspirazio bat izan nahi du, Gasteiz beste herrientzako eredu bihurtzeko eta munduko udalerririk onena izaten laguntzeko", gogoratu zuten atzo eskainitako prentsaurrekoan.

Helburu honekin aurkeztu dute www.aztarna2030.org web orrialdea eta aurrera jarraituko dute orain hasi berri duten lanarekin. Atzo aurreratu zuten gutxi barru sare sozialetan aztarna uztera gonbidatzen duen kanpaina bat saretuko dutela eta ekainaren amaieran webinar bat antolatuko dutela -interneten bidez egiten den mintegi bat-. Bertan, Gasteiz berreraikitzeko ekintza txikiak izenarekin (Pequeños gestos para reconstruir Vitoria-Gasteiz), hiriko pertsona ezagunek hartuko dute parte, proiektu honekiko konpromisoa adierazi baitute, baita paradigma berri bat aurrera eramatekoarekin ere. "Ez baduzu normaltasunera itzuli nahi, prekarietatearen normaltasuna, elkartasunik ezakoa, pasibitatearena, zure momentua heldu da. Aztarna uzteko garaia heldu da", adierazi zuten amaitzeko hizlariek.

Clip. Duela hilabete batzuk sortutako politikagintza-berrikuntza hiri laborategia da. Gasteizko herritar talde batek sortu zuen, eta orain Aztarnaren atzean dago. Ekimen desberdinak dira, baina osagarriak.

Aztarna. Aztarna sortu berri duten ekimena da. Bere web orrialdean (www.aztarna2030.org) agiri bat dago herritarrek sinatu eta bete dezaten.

Atzo ekimen hau aurkeztu zuten Buesa eta Lardies Kideek, eta itun pertsonal bat helburu kolektibo batekin dela adierazi zuten; "munduko udalerririk onena izatea hemendik 2030. urtera".

75

Agiriarekin batera, 75 ekintza daude ikusgai web orrialdean. Hauek "Gasteiz hobeago batera igarotzeko" lagungarriak izan daitkezkeen proposamenak dira.

2030

Aurkeztutako dokumentuak garapen iraunkorrerako helburuen bost arlo handien zimenduetan eraiki dira, 2030. urtean helmuga izanda.