- Hilabete bat igaro da jada Gasteizek covid-19aren lehenengo kasuen berri izan zuenetik. Geroztik, milaka gertaera bizi dituzte gasteiztarrek, arabarrek eta euskaldunek. Egun guzti hauetan zehar, gainera, herritarren elkartasuna (nahiz eta urrun egon) eta eskuzabaltasuna ere izan dira nagusi.

Arratsaldeko 20.00etan denak irteten dira balkoietara mediku, erizain eta momentu hauetan lan egiten jarraitzen dutenen ahaleginak eta konpromisoa goraipatzera. Balkoiak ere elkarrizketetarako lekua izan dira eta izaten ari dira egun hauetan.

Auzokoekin hitz egiteko, partekatzeko eta elkar laguntzeko momentuak bizi dira. Umeek ere hartu dute parte etxeetako dinamiketan. Haien marrazkiekin eta hitzekin egunero biziak salbatzen dituzten langileak animatzen dituzte aurrera jarraitzera eta inoiz ez errenditzera.

Hala ere, berri txarrak izan dira nagusi. Familia askok agur esan behar izan diote senide edo lagun bati egun hauetan. Gasteiz izan da, gainera, koronabirusak gehien kaltetu duen hiria, Txagorritxuko ospitalearen fokuarekin, baita otsailean ospatutako hiletarekin (honek Errioxara zabaldu zuen birus honen eragina). Eta kasu kopurua gora doa. Araban ia 2.000 positibo jaso dira jada.

Hiri eta herrietako langileak ere ez dira libratu. Martxoaren 13an Lehendakariak osasun-larrialdia dekretatu zuen, eta jarraian Pedro Sanchezek (gobernuaren presidentea) alarma-egoera, momentuz apirilaren 11ra arte luzatuko dena. Horrek kalera irteteko murrizketak ekarri zituen, eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ez dituzten saltokiak eta enpresak aldi baterako ixten joan dira. Erabaki hauek, zenbait sektoreetan aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak aurkeztea eragin du. Ikasleek ere covid-19aren eragina pairatu dute. Araban martxoaren 11n itxi ziren ikastetxeak eta unibertsitatea, eta etxetik ikasten jarraitu zuten. Orain, 20 egun geroago, dinamika horrekin jarraitzen dute, eta unibertsitatera hurrengo ikasturtean igaroko diren ikasleek uztailean izango dute selektibitatea. Larrialdi-egoeran ezarritzako arauak hautsi dituzten 4.000 euskaldun ere egon dira, eta isunak jaso dituzte etxetik irteteko arrazoi bat ez edukitzeagatik edo haien herritik edo hiritik irteten saiatzeagatik, besteak beste.

Aitaren eguna, urtebetetzeak, eta ezkontzak egun hauetan modu ezberdinean ere ospatu behar izan dituzte arabarrek. Ezkontzen eta bataioen kasuan (garizuman ez dira ospatzen) batzuk bertan behera geratu dira eta hurrengo hilabeteetan ospatzear zeudenak, kasu askotan ez dakite zer egingo duten. Erabaki hauek ere bidaia-agentziek, jatetxeek, argazkilariek eta sektorean lan egiten duten guztiek hartu behar izan dituzte, bertan behera uztea edo aurrera jarraitzea.

Hurrengo egunetan ospatuko diren jaiak ere bertan behera geratu dira. Aste honetan San Prudentzio eta Estibaliz jaialdietako ospakizunak ez direla egingo aurreratu zuen diputatu nagusia den Ramiro Gonzalezek.

Pasa den hilabete honetan zehar beste zenbait gauza ere gertatu izan dira. Etxeetan konfinamendua gainditzeko eta ondo pasatzeko, irudimena laguntzaile paregabea izan da. Sare sozialetan erronkak sortu dira, eta umeekin jolasteko jokoak ere.

Gasteizko gimnasioak ere hasi dira haien klaseak interneten bidez partekatzen jarduera fisikoa egiten jarraitzeko, eta arabarrek zenbait ariketa fisiko eta mental asmatu dituzte ez azpertzeko.

Askok etxetik lan telematikoa egiten ikasi dute egun hauetan, eta ikasleek etxetik ikasten ere. Saltoki eta farmazietan metro bateko distantzia gordetzen hasi dira, eta eskuak inoiz baino gehiago desinfektatu dituzte. Gainera, familiarekin denbora gehiago emateko aukera ere izan dute.

Duela hilabete bat koronabirusak oso urrun zegoen zerbait zirudien, baina hona heldu zen, eta geroztik dena guztiz aldatu da. Egunen batean, gauzak berera itzuliko dira, baina 30 egun hauetan zehar bizitakoa bizirik jarraituko da, elkartasunarekin eta eskuzabaltasunarekin batera.