Síguenos en redes sociales:

Miniboleia itzuli da

Arabako boleibolaren jokalari gaztetxoenen lehiaketa larunbatean hasi zen Aranalden

Miniboleia itzuli daM. Prieto

27

Armentia ikastola

Aurten hasi berri den minibolei taldea dugu Armentia Ikastolakoa. Bederatzi jokalariak astean bitan entrenatzen dira Zabalganako kiroldegian. «Boleibola nahiko teknikoa denez, eta teknika haurrentzako kirolaren alderdi erakargarriena ez denez, jokoen eta ariketa dinamikoen bidez ematen dugu», dio Ainhoak, entrenatzaileak. «Adin ezberdinak dituzte (5. eta 6. mailakoak), baina hala ere poliki-poliki badoa giroa hobetzen eta haien arteko harremanak estutzen», gehitu du. Txapelketa honetan aritzen diren lehenengo aldia da, eta lehen jardunaldi honetan «urduri eta kristoren gogoekin» zeuden, baino «uste baino askoz hobeto atera da, boleibola nahiko zaila da hasiera batean, baina poliki-poliki bagoaz martxa hartzen», bukatu du Ainhoak.

Ibaiondo boleibola

Nahia eta Alba dira Ibaiondoko entrenatzaileak. Bederatzi jokalari dituzte, liga jokatuko dutenak, eta beste bi oraindik jokatzen ez dutenak. Ikastetxean minibolei taldea atera den lehenengo ikasturtea da hau. «Entrenamenduetan gehien bat boleiboleko oinarria entrenatzen ditugu, adibidez, besoko tokeak, sakeak, hiru tokeak, posizioak... jolasen bidez, eta egunero partida bat egiten saiatzen gara», kontatu digu Nahiak. Astelehenetan eta ostiraletan entrenatzen dira eta «giroa oso ona, eskolakoa: jolastea, ondo pasatzea eta zerbait berria ikastea...». Ibaiondok minibolei ligan jokatzen duen lehenengo aldia da hau eta «umeak urduri zeuden, baina gogo handiekin», eta entrenatzailearen hitzetan «oso ondo jokatu zuten eta oso pozik atera nintzen beraiekin».

Toki Eder

Toki Eder minibolei taldea multitxikin aritzen da entrenamenduetan, hau da, asteartetan multitxikin jolasak eta abar egiten dituzte eta gero, ostegunetan boleibola. Hamaika jokalari dira, lau laugarren mailakoak eta beste zazpi hirugarren mailakoak, eta haietako bederatzi lehenengo aldiz aritzen dira kirol honetan. «Entrenamenduetan beti beroketa bat egiten dugu jolas batekin, gero boleibola, eta bukatzeko beste jolas bat», azaldu digu Aialak, entrenatzaileak. «Guztiak elkar ezagutzen ziren jada, ikastola berdinean gaude, batzuetan ikasgela berean» eta horrek giro bikaina sortzen du taldean. «Partida hau izan da lehenengoa jokalarientzat. Gu gara ligako txikienak eta ez dugu espero partidak irabaztea, ondo pasatzera baizik, baina egia esan nahiko ondo jokatu dute. Oso pozik zeuden, gogoekin, bai partida aurretik bai ondoren».

Errekabarri bolei

Ikasturte honetan lehenengo aldiz atera da bolei jarduera Errekabarriko eskolaz kanpokoetan, eta hauxe dugu minibolei liga jokatzeko sortu den taldea. «Lehen urtea izatean, boleiboleko oinarriekin hasi gara. Abiadura, zehaztasuna, kokapenak eta abar lantzeko jolasak egiten ditugu. Boleibolean teknika oso garrantzitsua denez hasieratik lantzen ditugu oinarrizko elementuak, eta pixkanaka joaten gara teknika hau hobetzen eta zailagoa egiten gero partiduetan ondo jokatzeko, beti jolasen bitartez», azaldu digu Mariak, entrenatzaileak. Jarduera berria izatean astero ordu bat bakarrik entrenatzen dira «baina oso ondo aprobetxatzen dugu eta jokalariak ilusio handiz etortzen dira». Lehenengo partidura «pixka bat urduri etorri dira, haientzat berria zen, baina konfiantza hartu dute partidan eta oso ondo pasatu dute, oso pozik atera dira».