Joan den igandean Amurrioko Refor zelaietan Amurrioko Krosaren hirugarren edizioa ospatu zen. Oinkariak kirol elkarteak antolatuta, ekitaldi hau egutegi nazionalean finkatzen hasten da, eta oraingoan 650 kirolari inguru bildu zituen. Errioxa, Kantabria, Bizkaia, Burgos eta Nafarroa dira krosean parte hartu zutenen jatorrizko tokietako batzuk, «baita Kataluniako talde batek ere, Esportiu Penedés klubak, urtero holako irteera bat egiten dute, kirol-turismokoa, eta urte honetan zubia gurekin pasatzea erabaki zuen, eta proban parte hartu zuten.

Autokarabanak ere ikusten hasten dira, eta Amurriora etortzea krosean parte hartzeko aukeratzen duten familia osoak badaude ere», kontatu digu Pablo Mas Oinkariak taldeko kideak. Aurten, berritasun gisa, eta kirol egokituko klub baten ekimenez, Basauriko Ascensores Bertako-Javi Conde, kros egokituko hainbat proba egin dira lehen aldiz Amurrion. Aurtengo beste berrikuntzetako bat pistan egindako aldaketa bat izan da «zirkuitua aldatu dugu, eta badirudi jendeari gustatu egin zaiola eta baliteke horrela geratzea, orain publikoa eta korrikalariak gertuago sentitzen dira».

Antolaketa

Krosa antolatzeak hiru hilabetetako lana suposatzen du Oinkariak Atletismo Taldearentzat, eta lana aurrera eramateko lagunen, senideen eta beste klubetako laguntza izaten dute. «Talde txikia gara, apala, eta kros txukun eta ona, ondo antolatuta, prestatu nahi dugu, lagun talde bat garela jakinda», kontatu digu Pablok. Adibide moduan, esparruan dagoen txosnaren ardura, Amurrio Aisia Eskaut taldearena da.

Eskola-kirola

Eskola-kiroleko 200 kirolari inguruk hartu zuten parte goizean zehar haientzat prestatutako probetan. 200 horietatik 130 inguru ohiko korrikalariak ziren, eskola-kiroleko zirkuituetan aritzen diren klubetako atletak, baina 70 inguru krosean parte hartzera puntualki animatu ziren haurrak ziren. «Asko interesatzen zaigu Amurrioko eta Aiaraldeko kirolariek parte hartzea; 15 bat urte daramatzagu gauzak antolatzen, eta kanpaina asko egiten ditugu; beraz, baditugu ikastolekin eta gainerakoekin loturak, eta horiek posta elektronikoa krosa abian dela esanez iritsi bezain laster, izena ematen dute», esan digu Pablok. «Reforren daukagun zirkuitua oso interesgarria da ikasleentzat. Oztopo gune bat du, entretenigarria egiten duena. Osatu dezaketen zirkuitua da, baina dibertigarria egiten duten gauzekin», gaineratu du Pablok.