Bost talde, horixe da Araskik denboraldi honetan izango duen kimu-talde kopurua, iaz baino bat gehiago. Adinak kontuan hartuta, hiru talde egongo dira 2011koetan eta bi 2012koetan. Neska hauen artean ere maila desberdina da. 2011koen artean, saskibaloian jokatzen urte dezente daramatzan eta aurreratuagoa den talde bat dago, tarteko talde bat eta beste taldetxo bat, non gehienak aurten hasi diren jokatzen. 2012koen artean, maila hori dezente homogeneoagoa da. «Duela urte batzuk gurekin hasi zen belaunaldia da, eta talde osoak, oro har, maila aurreratua du», klubeko koordinatzaile Ioseba Redondok azaldu duenez.
TALDEAK
Taldeak osatzerakoan, «ahalik eta talde homogeneoenak» sortzen saiatzen dira, haien artean alde handirik egon ez dadin. «Kontuz ibili behar da horrekin; izan ere, hori egiten ez baduzu, pauso batzuk aurretik daudenak aspertu egiten dira, eta berriak hasten direnak zapuztu egiten dira», azaldu du koordinatzaileak. Entrenamenduetan ere kontuan hartzen dira puntu horiek.
Talde guztiak astean hirutan entrenatzen dira, baina egiteko modua desberdina da adinaren arabera. 2011ko talde bakoitzak bere kabuz entrenatzen du, baina lan-ildo berari jarraituz, 2012koak, berriz, astean bitan elkartzen dira, egin nahi den plangintzaren arabera, eta ostiralean talde bakoitzak bere kabuz entrenatzen du. «Jokatzeko orduan, taldeak finkoak dira, baina entrenamenduetan horiek mugitzea gustatzen zaigu, ona baita beste entrenatzaile batzuei entzutea eta lan egiteko modu desberdinak praktikatzea», esan du Redondok, eta azaldu du «talentu berezia erakusten dutenei edo pauso batzuk aurreratuta doazenei, astean hiru entrenamenduez gain, indartzeko eta teknifikatzeko saioren bat egiten zaie».
LEHIAKETA
Araskiko talde guztiak eskola kiroleko ligan izena ematen dute. Lehenengo fasean ausazko taldeak sortzen dira, buelta bakar batean neurtzen direnak. «Fase kaotiko samarra da, inoiz jokatu ez duen talde bati 3-4 urte lehian daramatzan beste klub edo ikastola bateko talde baten aurka jokatzea egokitu dakioke, eta partida nahiko desorekatuak izaten dira», koordinatzaileak azaldu duenez.
Ondoren, bigarren fase bat egongo da, non taldeak lehenengoaren sailkapenaren arabera elkartzen diren, parekatuagoa izaten da eta neskek gehiago gozatzen dute. «Lehiaketako helburuak ez dira kiroletakoak, ez dugu planteatzen talde bakoitzak x partida irabazi behar izatea», nabarmendu du Iosebak. «Jokatzea nahi dugu, ikasten jarraitzea, txiki-txikitatik entrenatzeko ohitura onak izatea, saskibaloira lotzea eta “Araski” nortasun bat egotea, norbaitek gure taldeetako bat ikusten duenean ezaugarri ezagun batzuk izatea».
Kirol-lehiaketaz gain, kimu-talde bakoitzak, denboraldian zehar, torneoren bat jokatuko du hiritik kanpo, «txikiek esperientzia hori bizi ahal izan dezaten: lagunekin beste leku batera jokatzera irtetea eta herrialdeko taldeen aurka jokatzea».
IRIA
Bere lehen urtea klubean
Zergatik hautatu duzu saskibaloia?
Osabari asko gustatzen zaio, eta berak animatu ninduen jokatzera.
Eta nolakoa izaten ari da zure parte-hartzea Araskin?
Oso ondo pasatzen dut entrenamenduetan, batez ere hasieran, taldekideekin jolasak egiten ditugunean, baina korrika egitearena ez dut hainbeste atsegin...
Eta lehiaketa?
Jokatzeko gogoekin. Orain arte jokatu ditugun partidak lagunartekoak izan dira, baina datorren larunbatean hasiko da lehiaketa.
SAIOA
Benjaminetik jokatzen
Beste kirolaren bat egiten duzu?
Kirol asko egin ditut: gimnasia, atletismo... baina orain bakarrik saskibaloia. Asko gustatzen zait.
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Jokatzea. Saskibaloia oso polita eta dibertigarria da eta beti ikasten dituzu gauza berriak entrenamenduetan, gainera oso ondo gaude taldean, gure artean giro ona dago, lagunak gara.
Eta zer gustatuko litzaizuke egitea saskibaloian?
Lehen taldeko jokalaria izatea, oso onak dira denak.