«Poz-pozik gaude. Oso giro polita izan dugu txapelketan: partidetan, taldeen artean, familiekin ere… oso ondo egon da», azaldu digu Garoa Murok, Marianistas ikastetxeko kirol arduraduna, joan den larunbatean bertan ospatu zen 3x3 Marianistas txapelketaren arrakasta ikusita, «aurtengo erronka bi urtetako geldialdia izan ondoren aurreko edizioetako giroa berreskuratzea zen, eta lortu egin da».

Benjamin, kimu, haur, kadete, haur eta gazte mailetako 415 jokalari bildu ziren ikastetxeko zelai eta kantxetan egun osoan zehar 225 partida inguru jokatzeko, saskibaloian, futbolean eta —edizio honetako berritasuna— boleibolean. «Hau dena aurrera eramateko boluntario moduan 40-45 pertsona inguru egon ziren lan egiten egunean zehar, gure ikastetxetako entrenatzaileak» gehitzen du Garoak.

Tarteka agertu zen euriak ez zuen lortu inor ikaratu eta aurreikusita zegoen guztiak aurrera egin zuen: partidak, lehiaketak, sariak… baita gosea eta egarria asetzeko taberna eta food truck bat ere egon ziren martxan egunean zehar jardunaldi eder bat borobiltzeko.

JOKALARIAK

Tartetxo bat daukatenen partiden artean zertarako erabiltzen dute? Ba saskibaloian jokatzen jarraitzeko… Patioko kantxa bateko saskietan harrapatu dugu talde hau. Ia guztiak seigarren mailan daude eta Mariaseko saskibaloi taldeetan jokatzen dute. Baina ezta egiten duten kirol bakarra, galdetzean golf, karate padel eta tenisa ere aipatzen dute.

Zer moduz izaten ari da goiza?

-Ondo oso gustora gaude, dibertigarria da.

-Bai! Eta gainera jokatutako partida guztiak irabazi ditugu!

Eta zenbat partida jokatu behar duzue?

-Lau, bi goizean, gero bazkaltzera, eta beste bi arratsaldean.

-Irabazi dugunez arratsaldean finalak jokatu behar ditugu.

Zertan ezberdintzen dira ohiko saskibaloia eta 3x3 saskibaloi mota hau?

-Bakarrik hiru edo lau jokalari gara taldeetan, hiru daude kantxan eta, lau bagara, laugarrena aulkian geratzen da bere jokatzeko txanda heldu arte.

-Eta jokatzeko modua azkarragoa da, bakarrik daukagu kantxaren erdia jokatzeko eta holan askoz biziago jokatzen da.