Jende askok aisialdiko ekitalditzat hartzen ditu herri kirolak, eta kosta egiten da hauek kirol aukera gisa ulertzea. Adin txikietan ezagutzera emateko eta haurrengan praktikatzeko nahia sortzeko, ikasturte honetan arrakastatsu gertatzen ari den eskola-programa bat jarri da abian. Badaiotz Herri Kirol Taldeak Arabako Federazioari proposatu zion, eta hark, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bere onespena eman zuen martxan jartzeko. Ideia Garbiñe López Uralderen eta Marta Varela zenaren buruetatik atera zen, beti argi izan baitute ezinbestekoa dela norbaitek kirol bat egin nahi badu, lehenik eta behin ezagutu egin behar duela. «Bestela, oso zaila da», ziurtatu du López Uraldek.
Programa zabalik dago Lehen Hezkuntzako ikastolentzat eta hainbat gune ditu. «Lehenik zati teoriko bat egiten dugu, eta, bertan, egin ditugun bideo batzuk erakusten ditugu. Horietan, herri kiroletako modalitateak eta horietako bakoitzean arabar eta euskal erreferenteak agertzen dira», sustatzaileak azaldu duenez. Ondoren, gorputz-hezkuntzako klaseetan praktikatzea tokatuko da eta, azkenik, «hiru hilean behin bi lehiaketa egiten ditugu denboraldi horretan parte hartu duten ikastolen artean. 7 ikastolatako bi taldetan banatzen ditugu, eta haien artean lehiatzen dira».
Bigarren Hezkuntzako ikastetxetan ere izan da ekimen hau, Gasteizko Niño Jesus Ikastetxearen kasuan adibidez, non bertako gurasoen elkarteak eskatuta eta Santa Joaquina de Vedrunako egunaren ospakizunaren barnean, Badaiotzekoek bigarren hezkuntzako ikasleentzako jardunaldia antolatu zuten (erreportajearen argazkietan agertzen dena).
Harrera ezin hobea izan da eta hitzordu guztiak bete dituzte. 50 bat ikastolak parte hartu dute eta, ikastetxeetako ikasleen kopuruaren arabera, horietako bakoitzean egun gehiago ala gutxiago egon dira. Egitaraua ekainaren 20an amaituko da Virgen de Oro ikastetxean, eta Gasteizko ikastetxe askotan ez ezik, Rivabellosan, Araian, Laudion eta Artziniegan ere izan dira. «Eskaerak jasotzen jarraitzen dugu, baina datorren ikasturterako erreserba egiten ari gara», gogorarazi du Garbiñe López Uraldek, eta ikastolaren batek herri kirolen programa izan nahi badu, honako helbide honetan eskatu behar duela nabarmendu du:
herrikirolaeskoka@gmail.com
Sokatira
Arabako neska-mutilei atentzioa gehien eman dieten gauzetako bat modalitate guztietan neskak egotea da. «Herri kirolen inguruan estereotipoak kendu nahi genituen, emakumeak ikusarazi, eta hori lortu dugu, haien arreta erakartzeaz gain, neskek interes handia izan dutelako».
Diziplinei dagokienez, lokotx biltzea edo ingudea dira gehien gustatu zaizkienak, baina sokatirak piztu du interes handiena. «Herrietako jaietan ikusi duten zerbait da, baita jokatu duten zerbait ere», dio, «baina Munduko Txapelketaren tirada bat erakusten diezunean, harri eta zur geratzen dira maila horretako lehiaketa ikustean, taldeak guztiz sinkronizatuta, jarrera berarekin eta oinak batera mugituz…».
Harrobia
Etorkizunari begira, programari eusteaz gain, Badaiotz taldean ideiak handitzen hasi dira, batez ere neska-mutilen eskarietan oinarrituta. «Askok galdetzen digute ea non praktikatu dezaketen herri kirolak etengabe, eta federazioari erronka bota diogu, gazteak astean bizpahiru aldiz joan daitezkeen eskola bat sor dezan, kirol honetan trebatzera», azaldu du López Uraldek, dagoeneko taldeak sustatzeko moduko harrobi bat sortzearekin amesten hasi dena.