Denboraldi osoan zehar entrenatzen eta lehiatzen egon diren pilotari gazteentzat txapelketa honen azken partiduak jokatzeko unea heldu zen. 80 pilotari bildu ziren bertan pilotarekiko eta kirolarekiko duten konpromisoa —egunero hainbat pilota eskoletan egiten den moduan— eskuz eta palaz erakusteko. «Nabaritu zen egun berezi bat zela, ez ziren joan bakarrik finaletan parte hartu zutenak, baizik eta ere beraien pilota eskoletako kideak eta familiak, eta horrek harmailetan giro bikaina sortu zuen», esan digu Aitor Xabier Ruiz de Luzuriagak, Arabako Euskal Pilota Elkartearen oinarrizko koordinatzailea.
Ederra harmailetakoa eta bikaina ere frontoietan bertan bizi zena. Bai benjaminek (oraindik lagunarteko partidak jokatzen dituztenak) bai beste kategorietakoek tantu guztiak gogoz borrokatu zituzten, bertako publikoaren txaloak eta oihuak eragiten.«Balorazio egokia eta ona egiten dugu txapelketaz eta gehien bat final egun honetan bizi izandako giroaz, frontoiak jendez beteta egon ziren eta partiduak disfrutatzeko aukera izan zuten» gehitu du Aitorrek. Baina honaino heltzea ez da beste urtetan bezalakoa izan: «Aurtengo denboraldia egon diren etenaldiekin, bost jardunaldi bertan behera geratu ziren covid eta eguraldiaren erruz, oso luzea egin da bai antolatzeko orduan, bai parte-hartzaileentzat. Urte gatazkatsua izan da».
Promozio txapelketa
Finalak burututa eta trofeoak banatu eta beharrezko argazkia egin ostean, eskola pilota ez da gelditzen. Hain zuzen ere, datorren asteburuan oraindik jokatzeko grina duten kirolari hauek hitzordu berri bat dute 23. Promozio Txapelketarekin. Hurrengo hiru asteburuetan ligaxka egingo da Mendizorrotzan eta ekainak 18an finala. Urte honetan zenbait egunetan Euskadiko Eskolarteko Jokoekin batera ospatuko da txapelketa, hala ere «saiatu gara koordinazioa lortzen pilotariek bi txapelketetan jokatzeko aukera izan dezaten, eta uste dugu amaiera ederra emango diogula denboraldiari bi jarduera horiekin», ziurtatzen digu Aitorrek.
Urtean zehar egindako esku pilotan jokatzen duten nesken topaketen ondorioz, aipatzekoa da Promozio Txapelketa honetan lehengo aldiz eskuzko emakumezko kategoria ezarriko dela, eta 26 neskek bertan parte hartuko dute.
Udalekuak eta topaketak
Lehiaketa-denboraldia bukatuta, ekainaren bukaeran eta uztailaren hasieran, pilota udalekuak hasiko dira Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Amurrion. Alde horretatik ere aipatzekoak dira ekainean zehar Maeztu eta Kanpezuko ikastetxeekin batera egingo diren jardunaldi irekiak, Arabako mendialdean pilotari berriak erakartzeko.
Pilotaren arlo sozialaren inguruan antolatzen diren beste jardunaldi interesgarri batzuk Arabako kuadrilletan egiten diren lagunarteko topaketak dira.
Laguardian eta Agurainen ospatuko dira hurrengoak eta horietan 6-16 urte bitarteko pilotariak partidetan eta jolasetan aritzeko aukera izango dute, «jardunaldia antolatzen duen eskolako familien artean epaile eta koordinazio lanak banatzen dira, eta bukaeran familiek prestatzen dute hamaiketako bat. Honekin bilatzen da ondoko herrietako familien arteko harremana eta gertuko loturak sustatzea», azaldu digu Aitorrek.