Arku-tiroko eskola-kirola ez da uste zen bezain azkar normaltasunera itzultzen ari, eta Arabako klubek nabaritzen dute jada. Entrenamenduak baimenduta dauden arren, federazioak erabaki du jardunaldi lehiakor gehienak kluben barruan egitea eta Arabako areto, aire zabaleko eta 3Dko txapelketak soilik burutzea. Azken modalitate honetan, 3Dkoa, ordea, mendian egiten denez, litekeena da probintziako txapelketaren aurretik ligako jardunaldiren bat egotea.
Eta zer egingo dute klubek panorama honekin? Bada, irudimena erabiltzea klubetan egin behar diren jardunaldiak atseginak izateko eta arkulariak mugiarazteko.
Luis Angel Grajales Arku Lagunak-eko teknikariak aitortu duenez, hori da zailena: «Eskola-kiroleko taldea hastapen-lehiaketan dugu, eta orain pizgarri hori gabe geratu dira. Entrenatzera baino ez doaz». «Ez dugu lehiaketa asko izaten, hiru astean behin gehienez ere, baina haurrentzat une egokia zen aurrera egiten ari ziren ikusteko, hobetzen joateko eta beste klub batzuetako arkulariekin harreman sozialak ezartzeko. Orain hori pixka bat galtzen da», azaldu du.
Denboraldi honetan, Arku Lagunak taldeak eskola-adinean dauden 10 eta 16 urte bitarteko 12 haur ditu. Astearte eta ostegunetan entrenatzen dute. Abenduaren 4an izan zuten ezberdinak diren horietako lehen jardunaldia, eta joan den asteburuan beste bat izango zuten, baina eskola-kirola bertan behera geratu zenez, euri-denboralearen ondorioz, atzeratu egin behar dute.
Lehenengo saioan, bertaratu ziren 4 neska-mutilek gezi-tailer bat eta entrenamenduetan erabili ohi ez dituzten jolasak izan zituzten, lan tekniko batera bideratuta. Grajalesek adierazi duenez «larunbatean entrenamendu-lekura berriz joateko konbentzitzeko, zerbait desberdina proposatu behar zaie». «Lehenengo saioan gezi bat nola egiten zen azaldu genuen, zer zati dituen, eta, azkenean, gezi bat egin zuten», zehaztu du. Elkartean, oraingoz, ez dute euren arteko lehiaketarik egingo «txapelketaren eta entrenamenduaren arteko alde bakarra planillak hartu eta puntuak apuntatu behar direla baita, eta hori txapelketaren bat prestatzen dugunean egingo dugu».
Gauzak horrela, hurrengo egunetarako planteamendua teknikariaren arabera honako hau izango da: «eskuzko jarduera bat sartzea, edota erakargarria gertatzen zaien materialarekin zerikusia duten jarduerak, eta gero, joko desberdinak».
Halaber, denbora hobetzen denean «Mintegiko zelaia aprobetxa dezakegu eta 3D irudiak atera, oso erakargarria da haientzat eta entrenamenduetan ez da egiten; eta agian, Pekingo Olinpiar Jokoak ikusiko ditugu, onenak jardunean ikus ditzaten» azaldu du Jose Luisek. Jardunaldi horiez gain, klubeko arkulariei Arabako txapelketak prestatzeko entrenamendu espezifikoak egitea egokituko zaie, normalean egiten diren bezala burutuko direnak.
«Entrenamendu horietan araudia, arauak eta kiroltasunaz gain, kirolari bat txapelketa batera joaten denean zer egin behar duen jakiteko ikasi behar duen uste dugun gauzak irakasten dizkiegu. Ez dezatela bere burua aurkitu entrenatzen duten tokia baino askoz handiagoa den leku batean, jendez gainezka, nola jokatu jakin barik», azaldu du, eta laburbiltzeko: «Lehiaketak nola funtzionatzen duen jakin behar dute», gehitu du Jose Luisek.