BTT Mercedes-Benz Martxa tradizionalaren hamahirugarren edizioa irailaren 20an egingo da eta ibilbidea Gasteizko Mendietatik igaroko da.

Proba herrikoiak irteera eta helmuga Olarizuko zelaietan izango ditu, eta helduentzako bi ibilbide eta haurrentzako lau izango ditu. Izena emateko epea maiatzaren 8an irekiko da eta kirolprobak webgunearen bidez egin ahal izango da.

Lasterketaren xehetasunak gaur eman dituzte prentsaurreko bidez eta honako ordezkari hauek izan dira bertan: Ana López de Uralde Kirol zinegotzia, Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru-diputatua, eta Andrés Gutiérrez eta Jorge Vicario, lasterketa antolatu duen Mercedes-Benz Kirol eta Kultur Elkartearen izenean.

“Mendi-bizikletan egiten den martxa ez-lehiakor hau finkatuta dago jada Gasteizko kirol-egutegian, eta asko dira urtero hitzordu honen zain egoten direnak kirola eginez eta Gasteizko mendiek eskaintzen duten edertasun eta paisaiaren erdian pedalei eraginez egun atseginaz gozatzeko", azaldu du Ana López de Uraldek.

Ana del Valen arabera, “BTT Mercedes-Benz Martxa hau erabat finkatutako hitzordua da, eta kirola, natura eta parte-hartzea uztartzen ditu. Urteetan zehar izan duen hazkundeak herritarrek proposamen ireki eta osasungarriekiko duten interesa islatzen du, eta Gasteizko Mendiak bezalako ingurune paregabeari balioa ematen dio. Gainera, adin guztietako pertsonen artean bizitza aktiboko ohiturak partekatzeko, gozatzeko eta sustatzen jarraitzeko hitzordu bikaina da”.

2012an lehenengo edizioa egin zenetik, BTT Mercedes-Benz Martxa handituz eta sendotuz joan da, edizio guztietan izena eman duten txirrindularien kopurua handituz. Antolakuntzak 850 parte-hartzaile biltzea espero du. Horrek lasterketak urtez urte izandako igoera berretsiko luke; izan ere, duela 14 urte proba horren lehen ibilbideari ekin ziotenean, 187 abenturazalek eman zuten izena.

"Urteetan zehar izena eman dutenen kopuruan egon den gorakada da hazkunde horren islarik onena. Aurten ere abuztuko oporren ondoren egingo da, eta oporren ostean kirola egiteko ohiturari berriro heltzea ekarriko du", zehaztu du López de Uraldek aurkezpenean.

Lasterketaren datuak

Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek helduentzako martxa bat prestatu dute, zailtasun maila desberdineko bi ibilbiderekin, eta beste bat txikienentzat, adinaren arabera, mendiko bizikletarekin lehen hastapenak egiteko aukera izan dezaten.

Helduen lasterketarako 650 dortsal daude bi aukeretarako. Hitzordu laburrenak 38 kilometroko ibilbidea eta 650 metroko desnibela ditu. Parte-hartzaile horiek 09:00etan abiatuko dira eta anoa-postu bat izango dute.

BTTarekin eskarmentu eta ohitura handiena dutenek, aldiz, 53 kilometroko ibilbidea eta 1.100 metroko desnibela izango dituzte. Haien kasuan, 08:30ean hasiko dira pedalei eragiten, eta indarrak berritzeko bi anoa-postu izango dituzte.

Martxa Txikia

Martxa Txikiaren bosgarren edizioa 09:15ean abiatuko da eta 215 dortsal eta 3 modalitate izango dira adinaren arabera banatuta.

7 urtera arteko parte-hartzaileek 2,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute antolatzaileek diseinatutako zirkuituan (itzuli bat). 7 eta 12 urte bitartekoen kasuan, ibilbidea 7,5 kilometrokoa izango da eta zirkuituari hiru itzuli egin beharko dizkiote.

12 eta 16 urte bitarteko nerabeen kasuan, berriz, 15 kilometro egin beharko dituzte. Hala, zirkuituari 6 itzuli egingo dizkiete edo Gasteizko Mendietan zehar ibilbidea (distantzia berekoa) egiteko aukera izango dute.

Proiektu solidarioa

Martxaren aurkezpenean, halaber, Mercedes Benz Kirol eta Kultur Elkarteak ‘Titán deja huella’ proiektuarekin duen inplikazioa gogorarazi da. Proiektu horren bidez, organoak emateak duen garrantziari eta onurei buruzko informazioa ematen zaie herritarrei, beste pertsona batzuen bizitzak salbatzeko biderik onena baita. Proiektu hau azaltzen Mercedes-Benz BTT klubeko kide Francisco Javier Jiménez "Kiko" eta Esther Corral Euskadiko transplanteen koordinatzailea egon dira.