Alavabusen eta eskualdeko garraioaren lineen bidez emandako foru garraioaren zerbitzu publikoak 2.697.149 bidaiari izan zituen 2025ean, hau da, %11ko hazkundea 2024ko urteko balantzearekin alderatuta. Kopuru hori eskariaren errekor historikoa da, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Hain zuzen, Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak eman ditu datuak asteazken honetan Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, eta pozik dagoela adierazi du, agerian uzten dutelako foru garraioak "gora egiten jarraitzen duela, eta ibilgailu partikularraren ordezko bitarteko gisa finkatzen dela ikastera joateko, lanera eta beste mugikortasun premia batzuetarako".

"Azkenaldian, bidaiari kopuruaren hazkunde progresibo eta etengabea ikusten ari gara, eta hori argiago ikusten da denbora fokua irekitzen badugu: igoera %63koa izan da azken hiru urteetan, eta %130ekoa hamarkada batean, 2015ean 1,2 milioi bidaiari izatetik 2025ean 2,7 milioi izatera igaro baita", nabarmendu du.

Bere iritziz, goranzko bilakaera horrek adierazten du "herritarrek garraio publikoaren alde egiten dutela beren mugikortasun beharrak asetzen dituen eskaintza bat eta prezio erakargarrien politika bat eskura jartzen ditugunean. Baina ez gara konformatzen, eta lanean ari gara Eskualdeko Garraioaren eta Alavabusen emakidak berritzeko, zerbitzuan jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko".

Orobat, foru diputatuak adierazi du 2025. urtean finkatu egin dela BAT txartel pertsonalizatuari lotutako deskontu progresiboko sistema, txartelaren prezioan %67rainoko hobariak eskaintzen dituena. "7.700 arabarrek baino gehiagok erabili ohi dute txartel hori, eta horrela lortzen dituzte deskontu horiek. Milioi bat bidaia inguru ordaindu ziren iaz BAT pertsonalizatuarekin", zehaztu du.

DATUAK

Ia 2,6 milioi arabarrek erabili zituzten Alavabusen linea erregularrak 2025. urtean lantokira eta ikastetxera joateko, gestioak egiteko, turismoa egiteko edo beste edozein mugikortasun premia asetzeko, hau da, 2024an baino %11,2 gehiagok.

Lurraldeko landagune txikiak eskualdeko herri nagusiekin lotzen dituen eskualdeko garraioaren zerbitzuaren kasuan, erabiltzaile kopurua 100.000tik gorakoa izan da lehen aldiz, 100.675 erabitzailera iritsiz, 2024an baino %6,2 gehiago. Eskualdeko garraioaren erabilerak hazkunde esponentziala izan du azken hamarkadan, %344ko hazkundea metatu baitu.