Otsailaren 6an, ostiralean, 19:00etan, Lorena Adunaren ‘Cuerpos en barro en movimiento’ erakusketa inauguratuko da. Erakusketak pieza zeramiko batzuk biltzen ditu, eta horietan oreka, hauskortasuna eta tentsioa dira lengoaia plastikoaren ardatz nagusiak. Erakusketak bere lan artistikoaren bilakaera organikoaren berri ematen du, pinturatik zeramikarantz, kezka garaikideei lotutako jarraitutasun kontzeptuala mantenduz, hala nola hauskortasuna, gehiegikeria eta presio sozialak. Martxoaren 8ra arte bisitatu ahal izango da, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandeetan goizez soilik.

Montehermoso+EHUren 2025eko deialdiaren (proiektu artistikoak hedatzeko programa) barruan hautatutako lau erakusketetako lehena da. EHUko Arte Ederren Fakultateak eta Kulturuneak sorkuntzaren arloko azken joeren hedapena sustatzen duten jarduerak garatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatuta dago deialdia. Helburua artistei espazioa eta etorkizun profesionalean lan egiteko tresnak ematea da.

Lorena Adunaren ‘Cuerpos en barro en movimiento’ lanaren ondoren, Cristina Soutoren ‘Mirar el agua’, Alexia Coboren ‘No le es dado a la dicha privarse de sus espinas’ eta Nerea Gundínen ‘Encontrarse las partes’ erakusketak izango dira ikusgai aurten Jovellanos aretoan. Irene Erguetaren tutoretzapean eta komisariotzan egingo dira erakusketa guztiak.

Lorena Haron (Errioxa) hazi zen eta Arte Ederretan graduatu zen Pinturako aipamenarekin Salamancako Unibertsitatean (2019 – 2023). Gainera, 2022an, Bartzelonako Unibertsitatean SICUE mugikortasuna egin zuen. 2024an, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egin zuen.