Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026ko irailean hasi eta finala abenduaren 20an izango da, berriz ere Iruñeko Nafarroa Arenan, irail honetan hasi eta martxora bitarte lau herrialdeetako txapelketak jokatu ondoren (Bizkaikoa, Nafarroakoa, Xilaba eta Arabakoa), Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.
Aurretik, udazkena txapelketaz betea dator. Hasten lehena Bizkaiko Txapelketa da, irailaren 28an hasiko baita; Urdulizen izango da lehen faseko lehen saioa. Astebetera ekingo dio bideari Nafarroako Txapelketak, urriaren 4an, Auritzen.
Ekiten bigarrena baino amaitzen lehena izango da Nafarroakoa, eta azaroaren 29an jokatuko da finala, lehenizikoz Nafarroa Arenan. "Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki da. Horren isla da urtez urte txapelketa eskaintzen ari den kalitatea, eta geroz eta ikusle gehiagok jarraitzea", adierazi dute Bertsozale Elkartetik.
Era berean, Bizkaiko Txapelketako finalak ere izango du aldaketa: azken txapelketetan finala Bilbao Arenan izan bada ere, aurtengoan Casilla pabiloian egitea erabaki da.
Behin Nafarroako finala pasata hasiko da Xilabako lehen fasea, abenduaren 6an, Aiherran. Urte amaieran abiatu eta 2026aren hasieran amaituko da, finala urtarrilaren 31n izango da, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan.
Behin Xilaba amaituta, Arabako Txapelketak hartuko dio lekukoa; otsailean hasiko da, lehen larunbatarekin, eta martxoaren 28an bukatuko da. Gasteizko Europa Jauregian izango da finala eta horrekin amaitutzat emango dira herrialdeetako txapelketak, aurten Txapelketa Nagusirako puntuagarriak izango direnak.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026an izango da, eta horra begira, Arabatik, Nafarroatik eta Xilabatik bina bertsolari gehiago sailkatuko dira. Hortaz, Euskal Herrikoan 36 bertsolari izatetik 42 izatera pasako dira. Ondorioz, lehen faseak, saio bat gehiago izango du, eta sei beharrean, zazpi izango dira.
FINALA NAFARROA ARENAN
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fasea 2026ko irailean, eta zazpi lurraldeetara iritsiko da. Finala abenduaren 20an izango da, igandearekin, Iruñeko Nafarroa Arenan; azken txapelketako finala ere han jokatu zen, eta datorrena ere han izango da.
Hala ere, aurretik, Nafarroako Txapelketako finala jokatu da, lehenbizikoz, Nafarroa Arenan. Finala zein, oro har, txapelketa iragartzeko prentsaurrekoa larunbatean izango da, irailaren 6an, 10:30ean, Nafarroa Arenan bertan. Bizkaiak uda aurretik aurkeztu zuen txapelketa, eta irailaren 13ko Elkartearen Eguna baliatuko du barne aurkezpena egiteko.