Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak oniritzia eman die Korresen beste aparkaleku bat eraikitzeko lanen proiektuari eta kontratazioari, Izkiko parke naturalera sarbide izan dadin.

Eraikiko den aparkalekua Korresko herrigunetik kanpo egingo da, modu ordenatuan aparkatu ahal izateko eta herrigunea ibilgailuen joan-etorrietatik libre uzteko, foru erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez.

Aparkalekuaren kokapenak berekin ekarriko du erabiltzaileek 200 metro oinez egin behar izatea pista batetik Korreseraino. Pista hori eraikitzeko hiru hilabete izango dira eta horretarako esleitutako aurrekontua 233.789,70 euro da, BEZ barne.

Lanen aurrekontua

Bestalde, foru erakundeko gobernu kontseiluak Gorbeiako Parke Naturalean Egilolarra bidezidorra lehengoratze lanak Euroservicio y Obras Forestales S.A. enpresari esleitzea ere onetsi du astearte honetan. Lanen aurrekontua 190.775,61 euro da, BEZ barne, eta hiru hilabetean egingo dira.

Bi esku hartzeak Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitako Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan daude.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak bukatu ditu Eztarroa parean A-3302 errepidea egokitu eta hobetzeko obrak, bost milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ostean. Esku hartzean galtzada handitu da, bide segurtasuna indartzeko eta etorkizuneko VIAP aeronautika industrialdera sartzeko bidegurutzea prest uzteko.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak obra amaierako bisita egin du asteazken honetan, Marian Gutierrez Bide Azpiegituren zuzendariarekin eta Eztarroa eta Uribarri Dibiñako administrazio batzarretako ordezkariekin batera.

Nabarmendu duenez, esku hartzeak "segurtasun handiagoa emango die inguruko herrietara joateko bide hori erabiltzen duten arabar guztiei, galtzada zabalagoa baita eta A-3302 errepidearen eta Eztarroako sarbideen arteko bidegurutzea hobetu baita, toki erakundeek eskatu ziguten bezala. Bidegurutze horretan ikuspena handiagoa da orain, eta seinaleak eta abiadura kontrolatzeko eta moteltzeko neurriak indartu ditugu puntu horretan".

Era berean, bere hitzetan, proiektuarekin "prest utzi dugu errepide horren eta Forondako aireportuaren ondoan egingo den VIAP aeronautika poligonoaren arteko bidegurutzea. Helburua da etorkizunean VIAPen garapenak ez kaltetzea A-3302 errepidea eta bide horretako zirkulazioa".