Gasteizko Udalaren Ingurumen Gaietarako Ikastegiak 'Biosferaren erreserba bat Arabako Lautadan: gure lurralderako aukera' izenburuko jardunaldia antolatu du uztailaren 1erako Villa Suso jauregian.
Arabako Lautadako biosferaren erreserbaren adierazpenerantz aurrera egiteko Gasteizko Udalak abiatutako lan ildoaren barruan dago ekimena. Udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordiotik sortu da ideia, eta proposamenaren hasierako garapenerako 50.000 euroko aurrekontua du.
Arabako lehen biosferaren erreserba Zadorraren goiko arroan egongo da, eta 950 kilometro koadro inguruko azalera izango du, 14 udalerri eta 275.000 biztanle barne. Beraz, Espainiako Estatuan biztanle gehien dituen biosferaren erreserba izango da.
Ingurumen balio handiko eremua da, Gasteizko mendiekin, Arrato mendilerroarekin, Gorbeiako Parke Naturalarekin, Aizkorri-Aratz Parke Naturalarekin, Urkiola mendilerroekin, Entziako mendilerroekin eta Iturrietako mendiekin.
Orobat, erreserbaren barruan dauden leku natural interesgarrien artean nabarmentzekoak dira Gasteizko Eraztun Berdea, Salburuko hezeguneak eta Zadorra ibaiko eta bertako urtegietako kontserbazio bereziko eremuak.
Cristina Monge trantsizio ekologiko eta kalitate demokratikoko ikertzaile eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak gidatuko du uztailaren 1ean Villa Suso jauregian egingo den jardunaldiko programa, eta biosferaren erreserbek lurraldeen garapenerako dakartzaten aukerei buruzko sarrera labur bat egingo du.
Natalia Beltran Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Parke Nazionalen Erakundeko Nazioarteko Harremanen Zerbitzuko buruak ere parte hartuko du, eta elkarrizketarako mahai bat antolatuko da biosferaren beste erreserba batzuetako esperientziak ezagutzeko, hala nola Urdaibaikoa, A Coruñako Mariñasekoa eta Montsenykoa.
Ekitaldiaren amaieran dinamika parte hartzaile bat abiatuko da, Arabako Lautadan biosferaren erreserba bat bultzatzeko aukerak lurraldeko eragileen artean sortzen dituen inpresioak eta hausnarketak jasozeko. Jardunaldia 09:00etan hasi eta 14:30ean amaituko da eta parte hartzeko izena eman beharko da.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hamar euskal enpresari eman die babesa aste honetan Parisen egin den Azoka Aeronautikoan. Bi urtean behin egiten den erakusketak 55. edizioa izan du aurten, aeronautika eta espazio industriako eragileak batzen ditu, eta jarduera sektorean aritzen den azoka zaharrena eta handiena da.
Bada, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Le Bourgeteko Aeronautika eta Espazioko Azokan izan dira Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordea eta Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia.
Era berean, EIPC, Lazpiur, Korta, Aciturri, Aernnova, IPP Aero, Reductia, Burdinberri, Aratz Group eta Tubacex enprsak bertaratu dira, Hegan Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterraz gain.
Kortak adierazi duenez, "Euskadin garatutako teknologia erabiltzen duen hegazkin bat aireratzen da munduan bi minutuan behin. Sektore aeronautikoak Euskadiko ekonomiarentzat duen garrantziaren erakusgarri da".
"Sektoreak apustu handia egiten du berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde, aireko garraioaren deskarbonizazioaren lehen postuetan kokatzeko. Horrek garapen teknologiko handia eskatzen du hainbat arlotan: hibridaziotik eta elektrifikaziotik hasi eta erregai jasangarriak erabiltzeraino, hala nola hidrogenoa edo SAFak", azaldu du.
Sektore aeronautikoa eta aeroespaziala etorkizuneko industria sektore nagusietakoak dira Euskadirentzat, joan den astean aurkeztutako Euskadi 2030 Industria Plan berrian jasota dagoen moduan. Planak 16.000 milioi euro publiko-pribatu mobilizatzea du helburu, eta sektore horri lotutako proiektu eraldatzaileak aurreikusi ditu, hala nola motor aeronautikoaren arkitektura berriei eskainitakoa.
Sektorea Hegan klusterrean bilduta dauden 77 enpresek osatzen dute, eta guztira 3.000 milioi euro fakturatzen dituzte. 15.000 pertsona baino gehiagori ematen diete lana eta urtean ia 200 milioi euro inbertitzen ditu I+G+B arloan.