Síguenos en redes sociales:

Arabako Aldundiak Artiumentzako eta Gatz Harana Fundazioarentzako urteko ekarpenak onetsi ditu

Arabako Aldundiak Artiumentzako eta Gatz Harana Fundazioarentzako urteko ekarpenak onetsi dituUtzitakoa

Arabako Foru Aldundiak Artium Fundazioarentzako eta Añanako Gatz Harana Fundazioarentzako 2025eko ekitaldiko ekarpenaki onetsi ditu astearte honetan gobernu bileran, Kultura eta Kirol Sailaren proposamenez, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak iragarri duenez.

Artium Fundazioaren helburuak dira Arte Garaikidearen Euskal Museoaren Zentroa kudeatzea eta zuzentzea, bere obra artistikoa mantentzea, kontserbatzea, babestea eta zaharberritzea, arte garaikidearen ezagutza eta zabalkundea bultzatzea eta ikerketa eta zabalkundea sustatzea, eta horretarako 2.336.500 euro esleitu zaizkio aurten.

Añanako Gatz Harana Fundazioari dagokionez, 696.300 euroko ekarpena egin zaio, Añanako Gatz Harana eta bere ingurunea finkatu, leheneratu eta osorik birgaitzeko helburua betetzeko.

Bestalde, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) administrazio-kontseiluak, zeina Arabako Foru Aldundiaren menpeko erakunde autonomoa baita, onespena eman die Arabako gizarte zerbitzuen arloan lanean diharduten sei elkarterekin sinatu diren 2025eko lankidetza hitzarmenei. Horretarako, guztira 923.565 euro egiten duten dirulaguntzak zuzenduko ditu, programak eta jarduerak garatzeko, eta entitateen funtzionamendurako.

HITZARMENAK

Hitzarmen horiek foru erakundearen zuzeneko eskumenekoak ez diren arren, GOFEk lurraldeko hogeiren bat elkarterekin sinatuta dauzkan lankidetza hitzarmenen barruan daude, elkarte horien xedea delako arreta ematea mendetasuna edo desgaitasuna duten edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei, bai eta adinekoei ere.

Zenbatekorik handiena (257.000 euro) Garezur eta garuneko traumatismoaren eta hartutako kalte zerebralaren elkarteari (Atece) emango zaio, eta honako programa hauek egingo ditu hitzarmenaren bidez: fisioterapia, aholkularitza, arreta psikologikoa, terapia okupazionala eta logopedia, eta, horiez gainera, oreka eta psikomotrizitatea lantzeko, ariketa fisikoa egiteko eta estimulazio kognitiborako talde jarduerak eta aisialdikoak.