Elhuyarrek hitz-jolas bat jarri du martxan Elhuyar Hiztegia-ren webgunean, erabiltzaileek euskarazko idazkera errepasatzeko eta hobetzeko aukera izan dezaten, eta horrela, azkar eta erraz, bost galdera berri erantzun ahal izango dituzte egunero.
Elhuyarretik adierazi dutenez, "guztiok idazle bihurtu gaituen aro digital honetan", hizkuntza mailaren inguruko kezka piztu da, eta, hori aintzat hartuta, hitz-jolasaren helburua da erabiltzaileei laguntzea akatsak antzematen eta horiek zuzentzen.
Horretarako, Elhuyarrek segundo gutxi batzuetan egiten den ariketa bat sortu du. Hitz-jolasaren erabiltzaileak bost galdera erantzun behar ditu, bi erantzunen artean aukeratuta, eta amaieran, asmatutako galdera kopurua eta erantzun egokiak ikusiko ditu. Galderak askotarikoak izango dira (ortografia, deklinabidea, sintaxia eta abar). Hitz-jolasa Elhuyarren sare sozialetan eta Elhuyar Hiztegiaren atarian aurki daiteke.
Bestale, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Ordezkaritzak harrera egingo die 2024ko New Yorkeko maratoian parte hartuko duten korrikalariei eta haien senide eta lagunei, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jakinartazi duenez.
Topaketa azaroaren 2an izango da, 09:30etan, EAEren AEBetako Ordezkaritzaren egoitzan, New Yorken, eta korrikalariei lasterketaren aurtengo edizioko oroitzapenezko kamiseta banatuko zaie ekitaldian zehar. New Yorkeko maratoiaren 53. edizioa azaroaren 3ean jokatuko da, Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu dutenez.