Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak proiektuen lehiaketa bat onetsi du, Iruña-Veleia Biziberritzeko eta Garatzeko 2022-2025 Aldirako Proiektuaren helburuen artean dagoen bisitari zentro bat eraikitzeko, egungo beharretara egokituta. Proiektuak urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, eta 16.000 euroko saria emango da.

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak azaldu duenez, "helburua da bisitariei harrera egiteko gune berri bat sortzea, bai eta haren ingurune hurbila berregituratzea ere, aztarnategira urtean hurbiltzen diren 3.000 bisitari baino gehiagoren beharretara egokitzeko eta bisitari gehiago bertaratu ahal izateko".

"Obrak egungo instalazioak hobetuko ditu, bisitaren esperientzia atsegina eta aberasgarria izan dadin, eta aztarnategia kalitatezko baliabide turistiko bihurtzen laguntzeaz gain, proiektuaren gida balioak transmititzen lagunduko du", adierazi du.

Horrela, lehenengo urratsa proiektuen lehiaketa da. Prozedura horren bidez aukeratuko da egokientzat jotzen den proposamena, egokitasuna, kalitate arkitektonikoa, irizpide arkeologikoa eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eta eraikuntza bideragarritasuna kontuan hartuta, eta proposamen horretan oinarrituta idatziko da bisitari zentroko proiektua eta zuzenduko da obra.

Edonola ere, foru erakundeak lortu beharreko gutxieneko batzuk ezarri ditu, proiektu guztiek izan behar dituztenak. "Azken jarduketak ahalbidetu beharko du elementu arkitektoniko ezaguterraza eta ikonikoa, funtzionala eta paisaian txertatuko dena sortzea", zehaztu du Del Valek. Izan ere, proposamenek eraikina kokatuko den ingurune hurbila berregituratu eta hobetu beharko dute nahitaez.

Foru diputatuaren hitzetan, "eremu publikoan espazio malgu bat lortu nahi da, egiten diren jardueren arabera konfigurazioa alda dezakeena, tabike mugikorren edo beste soluzio batzuen bidez. Horrek esan nahi du etorkizuneko esku hartze kanpainetan landa ikerketako prozesuan lan egin ahal izateko guneak sortu beharko direla ikertzaileentzat".