Arabako Foru Aldundiko zentro okupazionaletako erabiltzaile diren 225 pertsona desgaitu 'LanAukera' programaz baliatu ahal izango dira 2029. urtera arte. Progaramaren helburua Indesako lantokietan prestakuntza hobetzea eta enplegu aukerak indartzea da.

Bada, foru erakundetik jakinarazi dutenez, 60 pertsona inguruk parte hartuko dute urtero urrian hasiko den 'LanAukera' egitasmoan. Programaren amaieran 225 parte hartzaileetatik 125ek Indesan laneratzea lortu ahal izatea da azken xedea.

Zentro okupazionaletik enplegu zentro berezirako igarobidea errazteko, programa Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin lankidetzan antolatuko da. Foru erakundeko teknikariek hautatuko dituzte hautagaiak, orain zentro okupazionalaren erabiltzaileak direnak, alegia. Behin Indesako zentroetan daudenean, gaikuntza ekintzak burutuko dituzte lan prestatzaileen laguntzarekin, enplegagarritasuna sustatzeko.

Lankidetza prestakuntza sei hilabetekoa izango da gutxienez, eta parte hartzaileak Indesako lantegi industrialetatik, ikuztegi industrialetik eta garbiketa eremutik igaroko dira. Aldi hori igaro ondoren, talde profesionalak baloratuko du lan kontratua egiten duen pertsona bakoitzarentzat egokia den lantokian ala prestakuntza luzatu behar den.

EHLABE desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko erakundeen euskal elkarteak aurkeztu zuen 'Lan Aukera' programa, EAEko 2021-2027 aldirako Europako Gizarte Funts Plus (EGIF+) programaren proiektuak hautatzeko Lanbideren deialdiaren barruan.

Europako Gizarte Funts Plus programaren helburu nagusia da enplegu inklusiboa eta gizarte garapena sustatzea. Tresna horren bidez, Europar Batasunak bermatu nahi du pertsona guztiek, bereziki egoera ahulean daudenek, enplegu eta prestakuntza aukerak izango dituztela, gizartean erabat integratu ahal izateko.