Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitateetan 71.142 matrikula erregistratu ziren 2022-2023 ikasturtean, aurrekoan baino %0,9 gehiago, eta horrela, azken sei urteetan ikusitako goranzko joera sendotu da. Graduko titulazioetako 1.000 ikasle ingururi esker gertatu zen hazkundea, eta horrek master zein doktore ikasketetako matrikula galera txikia konpentsatu zuen, Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

Ikasle gehienek unibertsitate publikoak aukeratu zituzten (%69). Hala ere, unibertsitate publiko eta pribatuen arteko matrikulen banaketak azken horien aldeko joera erakusten du. 20 urtetik gorako banaketa egonkorraren ondoren (%76 publikoetara eta %24 pribatuetara), 2010-2011 ikasturtean euskal unibertsitate sistema publikoak goia jo zuen, bost matrikulatik lau bertan egin baitziren, baina, hortik aurrera, pixkanaka behera egin du, eta horrek gaur egungo mailara eraman du. Horrela, erregistroak daudenetik 2022-2023 ikasturtea izan zen lehenengoa non unibertsitate publikoetan matrikulatutako ikasleak guztizkoaren %70 baino gutxiago izan ziren.

Horren ordainetan, unibertsitate publikoa titulazio bikoitzen gorakadara egokitzen ari da bere eskaintza. Duela hamar urte gradu bikoitzak unibertsitate pribatuen eskumen esklusiboa baziren ere (publikoek ez zituzten eskaintzen), bilakaera nabarmena izan da, eta 2022-2023 ikasturtean, gradu bikoitzeko hiru ikasletik batek ikastetxe publiko bat aukeratu zuen.

Bestalde, ikastegiek EAEn kokatuta dituzten unibertsitateetan eskaintzen dituzten gradu titulazioen aukera zabala da. 2022-2023 ikasturtean, graduko ikasleak 106 titulazio desberdinetan banatu ziren, nahiz eta erdiak, hau da, ia 30.000 ikasle, 12 gradutan kontzentratu ziren, hots, graduko titulazioen %11k izen-emateen %50 hartu zuen.

Horrela, gehien eskatutako ikasketak Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Lehen Hezkuntza, Zuzenbidea, Psikologia eta Haur Hezkuntza izan ziren. Guztiek 2.200 pertsona baino gehiago izan zituzten ikasgeletan, baina bereziki Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzaren kasua nabarmendu zen, 5.714 matrikula jaso baitzituen, graduko guztien ia %10.