Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak hirian ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko 2024ko laguntzen deialdia onartu du. Orotara 90.000 euro banatuko dira Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatutako enpresa sustapenerako laguntzekin lotuta. Eskaerak egiteko epea deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta maiatzaren 31n amaituko da.
"Ekimen honen bidez, gure hirian garatzen diren jarduerak eta proiektuak bultzatu nahi ditugu, ETEen negozio eredua berriro diseinatzeko, ekonomia zirkularraren parametroak aintzat hartuta lehiakorrak eta jasangarriak izan daitezen", adierazi du Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.
Bestalde, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sailak berak eskatuta, Gasteizen ekintzailetza bultzatzeko bi diru laguntza onartu ditu, 8.000 euroko guztizko zuzkidurarekin.
Zenbateko horretatik, 5.000 euro Arabako ekintzailetza sustatzeko Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) sinatutako hitzarmen batera bideratuko dira. Akordio horri esker, Arabako unibertsitate arloan ekintzailetza sustatzeko eta babesteko INIZIA Arabacampus programa garatu ahal izango da. EHU da horren sustatzailea eta BIC Arabarekin elkarlanean bideratuko da.
Beste 3.000 euroen bidez, Gasteizko Udalak Secot elkartearekin adostutako hitzarmena finantzatuko da. Horren bidez, kolektiboko kideek aholkularitza zerbitzuak eta laguntza emango dizkiete Erdi Aroko erdiguneko eta Jundizko enpresa zentroetan dauden ekintzailetzako proiektuei eta enpresa txikiei eta udal aholkularitza zerbitzuari atxikitako ekintzailetza proiektuei. Negozio planekin, enpresa kudeaketa eta garapenarekin eta merkataritza eta finantza arloekin lotutako gaiak landuko dituzte saioetan.