eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Hegoa Institutuak Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko VII. Jardunaldiak antolatu dituzte asteazkenean, apirilaren 17an, Gasteizko Europa jauregian, Mugimendu sozialen eta GGKen arteko artikulazioaren erronkak gizarte eraldaketan izenburupean. Hausnarketaren eta elkarren arteko ikasketaren bidez, subjektu kritikoak sortzea eta gizarte eraldaketarako hezkuntzak dituen erronkei aurre egitea dira topaketen xedeak.

GGKEek eta gizarte mugimenduek arreta berezia jartzen dute subjektu kritikoak sustatzeko

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, GGKEek eta gizarte mugimenduek arreta berezia jartzen dute subjektu kritikoak sustatzeko, balio eta jarreren aldaketa sozial bat egon dadin. Hori da, hain zuzen, (H)ABIAN 2030 gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiaren indar-ideietako bat.

Jardunaldien hasierako hitzaldia gizarte mugimenduen eta GKEen arteko artikulaziorako gakoak ematen saiatuko dira

Zentzu horretan, jardunaldien hasierako hitzaldia gizarte mugimenduen eta GKEen arteko artikulaziorako gakoak ematen saiatuko da, Ana Esther Ceceña Martorellaren eta Itziar Gandarias Goikoetxearen arteko elkarrizketa baten bidez. Lehenengoa ekonomialaria eta Geopolitikaren Latinoamerikako Behatokiko zuzendaria da, eta hainbat argitalpenen egilea; bigarrena Deustuko Unibertsitateko Psikologia Saileko irakaslea da eta Munduko Emakumeak elkartean parte hartzen du.

Jardunaldiek hiru esperientziaren aurkezpenarekin jarraituko dute

Kolektiboen eta GKEen arteko trukeen praktikak ezagutzeko, jardunaldiek hiru esperientziaren aurkezpenarekin jarraituko dute. Horrela, Mundubat-eko Eneko Gerrikabeitia Zenarrutzabeitiak Martin Etxeari buruz hitz egingo du, beren egoera sozioekonomikoagatik edota nazioarteko babesa behar dutelako beren herrialdetik irten behar izan diren pertsonak bizi diren lekuari buruz, hain zuzen.

Enginyeria Sense Fronteres erakundeko Aura Vidal Carrascok Kataluniako uraren politika eta kudeaketa sektore publikotik egiteko plataforma baten lana azalduko du, eta, azkenik, Baladre Koordinakundeko Isa Alvarez Vispo Euskadiko kolektibo zaurgarrientzako elikadura burujabetza jorratzeko proposamen alternatiboak sortzen dituen esperientziaz arituko da.