Alavabusen 7. linearen (Gasteiz-Lagran) eta 9. linearen (Gasteiz-Logroño) neguko ordutegia ekainaren 30era arte luzatuko dute, azken hilabeteetan izandako eskariaren hazkunde handiari erantzuteko eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Neguko ordutegian udakoan baino plaza gehiago eskaintzen dira bi lineetan, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Bi lineek bi zerbitzu eskaintza desberdin dituzte urtean zehar: neguko ordutegia, azaroaren 1etik apirilaren 15era, eta udako ordutegia, apirilaren 16tik urriaren 30era. Horrela, neguko ordutegia datorren astelehenean amaitu beharko litzateke, apirilaren 15ean, baina ekainaren 30era arte luzatuko dute, bidaiarien hazkundeari erantzuteko.

Luzapenaren bidez, zerbitzuaren kalitatea bermatu nahi da, eta bidaiarien kopuruaren hazkundeari behar bezala erantzun, gaur egun indarrean dagoen neguko ordutegiak plaza gehiago jartzen dituelako zirkulazioan, 7. linean bidaia gehiago dituelako, eta 9. linean ibilgailu handiagoak. Gainera, 9. lineak ibilbide gehigarri bat du udan, Herrerako mendatean zehar, eta handik pasa behar duten autobusak txikiagoak dira.

Era berean, eta eskualdeko garraioaren eskaintza Alavabusen 7. eta 9. lineen neguko ordutegiaren luzapenera egokitzeko, ekainaren 30era arte luzatuko dute Arabako Mendialdeko Kuadrillako eskualdeko garraio zerbitzuko 6. linea-Trebiñu Ekialdea, 17. linea-Trebiñu Mendebaldea, 20. linea-Urizaharra eta 21. linea-Bernedoren ordutegiak.

Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak abisua eman die aste honetan Alavabusen eta eskualdeko garraioko linea horiek zerbitzua ematen dieten toki erakundeei, bai eta erabiltzaileei ere, www.araba.eus/alavabus webgunearen eta sare sozialen bidez.

Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saila lanean ari da Alavabusen 7. eta 9. lineak sartuta dauden Arabako Errioxako emakidaren kontratua aldatzeko, neguko eta, batez ere, udako eskaintza erabat berritzeko eta, horrela, plazen kopurua handitu ahal izateko, ibilgailu handiagoen eta bidaia gehiagoren bidez. Helburua da egiturazko eskaintza berri hori uztailaren 1etik aurrera abiatzea.