'Los 40 La Blanca' ikuskizuna eta Esne Beltza, Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak taldeak izango dira Gasteizko Foru plazan 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietan. Aurten sei kontzertu izango dira toki horretan, ohi baino bat gehiago, abuztuaren 3a larunbata izango delako.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak Foru plazako egitarauaren aurkezpenean nabarmendu duenez, "aurten, Andre Maria Zuriaren eguna noiz den kontuan izanda, jaien bezperak ere garrantzi berezia izango du".

"Gasteizek jai giroa asteburutik hasita sentitzea nahi dugu eta, horregatik, Foru plazako programazioari 'Los 40' kontzertua gehitu diogu. Gainera, saio horri esker, toki horretako eskaintza are anitzagoa izango da tipologia musikalari eta publikoari dagokienez. Gure helburua beti da antolatutako emanaldi guztien artean herritarrek gustuko zerbait topatzea eta, aukeraketa honekin, lortu dugula uste dut", adierazi du.

Horrela, Andre Mari Zuriaren jaietako Foru plazako egitaraua abuztuaren 3an hasiko da, David Alvarez eta Ramses Lopez Los 40 irratiko dj-ek eskainiko duten 'Los 40 La Blanca' emanaldiarekin. Biharamunean, abuztuaren 4an, Esne Beltza taldeak geldialdia egingo du Gasteizen bere agur biran.

Abuztuaren 5ean Nil Moliner abeslari espainiarra izango da Foru plazan, eta Luz Casal kantari galiziarrak 'Las ventanas de mi alma' bere azken diskoa aurkeztuko du hilaren 6an. Doctor Deseo talde bilbotarrak abuztuaren 7an joko du, eta Pello Reparaz buru duen Zetak musika elektronikoko taldea arituko da hilaren 8an egitaraua osatzeko.