Foru Aldundiak Espejo eta Lalastra arteko bizikleta bidea egokitzeko obrak amaitu ditu, 13,5 kilometroko trazadura batean. Funtsezko bide zatia da distantzia luzeko proiektu orokorraren barruan (Gasteiz/Valderejo ibilbide berdea). Aurreikusitako ibilbideak Valderejoko parketxea dagoen Lalastra herria eta Uribarri Gaubea eta Espejo lotuko ditu, eta, gainera, aukera emango du lotzeko eremu horretatik igarotzen diren GR-1 Ibilbide Historikoa eta GR-282 Artzaintza Naturabidea ibilbide berdeekin.
Esku hartze honek "Araba uraren eta biodibertsitatearen erreserba" proiektuan jasotako jarduera lerroetako bati erantzuten dio, zeina baita mugikortasun jasangarria sustatzeari buruzkoa, eta ibilbide berdeen sarea lurralde mugakideen sareekin batzea bultzatzea ahalbidetzen du.
ALHko Ibilbide Berdeen Sarea, zeinak egun 1.100 km baino gehiagoko ibilbideak baititu, Arabako Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektorialean identifikatuta dago, eguneroko mugikortasunerako eta aisialdiari eta naturarako sarbideari lotutako mugikortasunerako oinarrizko sare gisa.
Lan ildo horren helburua da "garraiobide bigunak" ahalbidetzea, lurraldeen arteko komunikazio eta konexiorako alternatiba gisa, hala nola bizikleta eta oinez ibiltzea, garraiobide publikoekin batera. Azpiegitura berdea bultzatu eta hobetzeaz gain, aldi berean natura eta landa ingurunera hurbiltzeko eta bizi ohitura osasungarriak errespetatzeko modu bat sustatzen da, klima aldaketa arintzen eta hartara egokitzen laguntzeaz gain.
Esku hartze horri esker, Gasteiz eta Valderejoko parke naturala bizikletaz lotuko dira etorkizunean.
Lanak egiteko 173.255,98 euroko inbertsioa egin da, BEZa barne.