Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Juncal Ballestin artista gasteiztarraren hiru margolan jarri ditu erakusketa aretoetara sartzeko eraikinean, gaurko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.
Museoko iturriek jakinarazi dutenez, ohol gainean egindako margolanak dira, 1970eko hamarkadaren amaiera eta 1980koaren hasierakoak. Horiekin ekin zion artista gasteiztarrak bere bizitza osoan mantenduko zuen praktika artistikoa aztertzeko prozesuari. Anesvad Fundazioa GKEak oinordetzan jaso eta Artium museoan gordailuan utzitako Ballestinen ondare artistikoaren zati dira margolanak.
Bilboko Arte Ederretako Goi Eskolan egin zituen formatu handiko piezak dira. Artistak praktika artistikoa aztertzeko ariketa bat egiten du lanotan, "irudia, atzealdea eta euskarria zalantzan jartzen dituzten hiru dimentsioko objektuak txertatuz.
Hiru lan horietako lehena (izenbururik gabea, 1978), beka batekin egin zuen. Beka horri esker, 1978an, ikasketak amaitu ondoren, 'Horizontes' saila osatu zuen Segovian, eta sail horretakoa da. Bigarren margolana ere izenbururik gabea; 1979ko diptiko bat da, 'Azul y rosa' sailekoa, eta bertan, bi kolore horien nagusitasunetik abiatuta, hainbat formatako euskarriekin jolastu zuen.
Hirugarren lana 1981ekoa da. Zurean ebakitako "keinu" bat du, pintura marra bat edo idazkera gogora ekar dezakeena. Koloreak protagonista izaten jarraitzen du, baina gero eta gehiago nabari zaio pinturatik kanpoko objektuak, kolorea mugatzeko zur ebakinak, hagaxkak edo sokak erabiltzeko joera.
Margolanak Artium museoaren sarrera eraikinean jarri dira, bisitariaren ibilbidean, Frantzia kaleko sarrera nagusiaren eta Juncal Ballestin plazaren artean, eta barruko plazarako eta erakusketa aretoetarako bidean. Juncal Ballestinek bizitzan eta artean izan zuen konpromiso feministak markatutako ibilbidea kontuan hartuta aukeratu da M8a hiru margolanak erakusteko.