Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak nekazari gazteak laneratzeko laguntzen 2024ko deialdia onetsi du, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak hala eskatuta. Gazteak nekazaritza jardueran sartzea lortu nahi da, hasierako ezarpenean eta ustiategien egiturak egokitzen lagunduz, eta foru erakundeak 1.450.000 euro esleitu ditu programako onuradunei laguntzeko datozen bost ekitaldietan.

Foru erakundearen arabera, helburua da erraztasunak ematea nekazari gazteei, nekazaritza sektorean ezar daitezen eta belaunaldien erreleboa egin dadin lanbide gaitasuna duten gazteen bidez, horrela sektorea profesionalizatuko delako eta gazteek enpresak sortuko dituztelako, etekin ekonomiko egokiak, aukerak eta lana sortuz landa ingurunean. Gainera, era horretan, landa guneak garatuko dira.

Espedienteak hautatzeko irizpidea izango da zenbait produkzio eredu ezartzea, hala nola ekoizpen ekologiko ziurtatua, ekoizpen integratua, nekazaritza ekoizpena ustiategian eraldatzeko eta zirkuitu laburren bidez merkaturatzeko, eta laborantza estentsibo ureztatuak ekoiztea. Halaber, kontuan hartuko da gazte batek baino gehiagok elkarte gisa garatzea lehenengoz nekazaritzan enpresa proiektu berria.

Aurtengo deialdiko diru zuzkidura 100.000 eurorekin handitu da, eta ekoizpen ereduengatiko unitate zenbatekoak 2.500 eurotik 4.000 eurora igo dira, eskatzaileek errazago izan dezaten diruz lagun daitekeen gehienekora iristea, lehen sektorean belaunaldi erreleboarekiko konpromisoa indartuz.

Laguntzaren modulu txikiena 10.000 euro izango da oinarrizko baldintzak betetzen dituzten onuradunentzat; laguntzak gora egin dezake, gehienez ere 70.000 euroraino, hautapen irizpideen arabera. 2023an, 14 gazte sartu ziren lehen sektorean (bederatzi gizon eta bost emakume).

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen deialdia ere onartu du astearte honetan, eta 3.500.000 euro bideratuko ditu diru laguntzotara 2024, 2025 eta 2026rako. Neurri honen bidez nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiak modernizatu nahi dira, ikusgarritasuna eta lehiakortasuna areagotzeko eta profesionalizazio handiagoa lortzeko.

Diruz lagundu ahal izateko, besteak beste, inbertsioak ustiategia modernizatzeko eta mekanizatzeko, ekoizpen kostu zuzenak murrizteko eta lanaren produktibitatea hobetzeko erabili ahal izango dira (traktoreak, nekazaritza tresnak, biltzeko makinak, atoiak, zisternak eta nekazaritzako gainerako makinak erosteko).