Gasteizko Udalak hirigintzako hitzarmena adostu du Basque Culinary Center erakundearekin eta, horri esker, Lakuako Euskaltzaindia plazan kokatuko dute EDA Drinks & Wine Campusen egoitza. Alkateak, Maider Etxebarriak, eta erakundeko zuzendariak, Joxe Mari Aizegak sinatu dute asmoen protokoloa. Horren arabera, Udalak bere gain hartu du eraikina altxatuko duten lursaila Basque Culinary Center Fundazioaren esku jartzeko “beharrezko izapidetzeak” egiteko konpromisoa. Horrek ez du Fundazioarentzat inolako kosturik izango. Trukean, Basque Culinary Centerrek Fundazioaren gobernu-organoan Udala sartu beharko du patrono gisa.

Alkateak balioa eman nahi izan dio “Gasteizen nazioarteko proiekzioa lortzen lagunduko duen proiektu estrategikoa” martxan jarri izanari. Izan ere, bere hitzetan, proiektuak “talentua erakarri, enplegua sortu eta Gasteiz mapan kokatuko du”. Horrekin lotuta, Etxebarriak adierazi duenez, Udalak “aurrerapausoak ematen jarraituko du” Arabako hiriburua “prestigiodun proiektuak erakartzeko gune” gisa kokatzeko. Bestalde, Aizegak adierazi duenez, EDA Drinks & Wine Campus “proiektu aitzindaria eta irekia da, eta gastronomiaren ikuspegiari dagokionez ardoaren eta edariaren unibertsoaren balio-katea indartuko du, talentua, prestakuntza, ekintzailetza eta berrikuntza erakarrita”.

Zehatzago esanda, prestakuntzako eta berrikuntzako zentroa Udalaren jabetzakoa den 8.610 metro koadroko lursail batean kokatuko da. Bertan, Donostia eta Rafael Alberti kaleen artean, 4.000 metro koadroko eraikin berri bat altxatuko dute.

EDA Drinks & Wine Campusek bere ibilbide-orriarekin aurrera jarraituko du Gasteizko Udalarekin hirigintza-akordioa itxi ostean. Uneotan, Gasteizko eta Guardiako egoitzetan egingo dituzten jarduerak eta edukia zehazten ari dira. Bestalde, oraindik zabalik dago urte-hasieran argitaratutako arkitekturako nazioarteko lehiaketan parte hartzeko epea. Lehiaketa otsail erdialdera arte egongo da zabalik. Lehiaketa irabazi duen estudioa zein den maiatzaren amaiera inguruan jakinaraziko dute.