Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak aldi baterako bulego bat ireki du aste honetan Gasteizko autobus geltokian, Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren erabiltzaileei BAT txartela pertsonalizatzen laguntzeko. Bulego horretan, otsailaren 29ra arte eskainiko zaio arreta jendeari, hain zuzen, astelehenetik ostiralera (jaiegunetan ez), 12:30etik 17:30era. 

BAT txartela pertsonalizatzea ezinbesteko baldintza da foru garraioaren erabiltzaileek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera abiaraziko den deskontu sistema berriaz baliatu ahal izateko. Sistema berri horrek Alavabus eta Eskualdeko Garraio lineetako txartel arruntaren prezioaren % 56rainoko hobaria emango du hilean egindako bidaia kopuruaren arabera:

Hilean 1-20 bidaia > % 40ko deskontua.

Hilean 21-50 bidaia > % 48ko deskontua.

Hilean 51 bidaia edo gehiago > % 56ko deskontua.

BAT txartela pertsonalizatu nahi duten arabarrek tranbiaren informazio bulegoan egin dezakete, Antso Jakitunaren kaleko 9 zenbakian, baina, gainera, gaur eguerditik aurrera, Gasteizko autobus geltokian dagoen aldi baterako bulego batek erraztu egingo du doako izapide hori. Horretarako, bi leku horietako edozeinetara BAT txartel izengabearekin eta Nortasun Agiri Nazionalarekin joan besterik ez da egin behar.

Aldi baterako bulegoa 2024ko otsailaren 29ra arte egongo da martxan BAT txartel orokorrak pertsonalizatzeko (beste kolektibo batzuek, hala nola Berezi txartela dutenek, 12 urtetik beherakoek eta beste batzuek Antso Jakitunaren kaleko 9 zenbakiko bulegora jo behar dute).

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak azaldu duenez "Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren erabiltzaile gehienak autobus geltokitik igaroko dira uneren batean, eta horregatik uste dugu aldi baterako bulego hori baliagarria izango dela haietako askorentzat" Arabarrak animatu nahi ditut beren BAT txartela pertsonalizatzera, foru garraioa gehien erabiltzen dutenei saritzen dien deskontu sistema berri batez baliatzeko.

BAT txartela pertsonalizatzen ez duenak eta BAT txartel izengabea erabiltzen duenak % 20ko deskontua baino ez du izango txartel arruntaren prezioan.

Era berean, kanpaina honen barruan, informazio triptikoak banatuko dira, bai Alavabusen ibilgailuetan eta Eskualdeko Garraio zerbitzuan, bai Gasteizko autobus geltokian bertan. "Datozen asteetan, informazio kanpaina bizia egingo dugu komunikabideetan, sare sozialetan eta Alavabusen autobusetako telebista pantailetan".

Ondoren, bigarren fase batean, Arabako Foru Aldundiak txartela pertsonalizatzeko puntu ibiltari bat jarriko du Arabako herri nagusietan (aurrerago azalduko dira egutegia, herriak, datak eta ordutegiak).

BAT txartela pertsonalizatzea erabat doakoa da BAT txartel izengabea izanez gero; bestela, BAT txartelik izan ezean, 5 euroren truke eskura daiteke, 2 euroko saldoa barne. Benetako kostua, beraz, 3 euro da.

Erabiltzaileek deskontu progresiboko sistema berriari buruzko zalantzak argitu ditzakete eta informazioa eska dezakete Foru Garraioaren Erabiltzaileentzako Arreta Integraleko Zerbitzuan (945 18 20 60) eta alavabus.eus web atarian.