Arabako Foru Aldundiak aurreikusita dauka 2024 urte estrategikoa izatea Araban euskara sustatzeko. Horretarako, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak "inoizko aurrekonturik handiena izango du hizkuntza sustatzeko": 1,32 milioi euro.

"Orain arteko datuekin, gure lurraldean euskararen presentzia handituz doa; ezagutza pixkanaka hazten ari da eta ulermena gero eta gehiago iristen ari da herritarrengana eta espazio guztietara. Euskarak progresio txiki baina esanguratsua bizi du Araban, baina oraindik badugu zereginik ", azaldu du Jone Berriozabal diputatuak.

Etapa berriak funtsezko tresna bat beharko duenez, 2024an Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa jarriko da abian. 100.000 bideratuko dira plana bera garatzeko, eta 50.000 gehiago plana gizarteratzeko. "Baina beste lan-ildo batzuk ere badaude; izan ere, euskara, berezkoa dugun hizkuntza, gure kultura eta gure gizartea egituratzen eta lotzen dituen elementuari eutsi nahi badiogu, haren inklusibotasuna, aberastasuna eta balio erantsia azaleratzen jarraitu beharko dugu", adierazi du.

Horretarako, Aldundiak bi eremu nagusi planteatzen jarraituko du; alde batetik, euskalduntzea bultzatuz: euskara ikasi nahi duten helduentzako laguntza-lerroak mantenduz, eta, bestetik, euskararen erabilera sustatuz, euskalgintzan diharduten eragileekiko lankidetza azpimarratuz eta euskararentzako gune berriak erakarriz. "Lankidetza horren erakusgarri, 2024an lehen aldiz, inoiz baino eragile eta jarduera-eremu gehiago egongo dira".

Berdintasuna

Gainera, Jone Berriozabalek zuzentzen duen sailak 905.000 eurora arte handituko ditu emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko politiketara bideratutako programak, bereziki, sentsibilizazio-ekintzak eta -programak, horien partida 100.000 euroraino igotzen baita. Kopuru horiei Gizarte Politiketako Sailak urtero helburu bererako bideratzen duena gehitu behar zaie. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Foru Planaren (2022-2026) garapena izango da datorren urteko lan-ardatz nagusietako bat, eta 120.000 euroko partida aurreikusi da horretarako.

LAIAri eta programazioari dagokienez, aurrekontu-proiektuak udalei eta koadrilei eta irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdiak indartzen ditu. Horretarako 390.000 euro erabiliko dira, iaz baino 30.000 euro gehiago.

Garapenerako Lankidetzara bideratutako aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da, eta aurreko ekitaldiarekin alderatuta ere handitu egin da. Garapen-bidean dauden herrialdeetan urte anitzeko garapenerako lankidetza-proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdiaren edizio berrirako partidak jasotzen ditu.

Jone Berriozabal foru diputatuak azaldu duenez, Giza Eskubideetara eta Memoria Historikora bideratutako partidek ere gora egingo dute, eta lan-ildo berriak planteatuko dituzte, hala nola Arabako Babes Mekanismoa, arrisku eta ahultasun bereziko egoeran dauden Arabako lankidetzari lotutako giza eskubideen defendatzaileei babesa, sentsibilizazioa eta laguntza emateko jarduerak bultzatu nahi dituena. Giza Eskubideei eta Memoria Historikoari buruzko webgune berri bat ere iragarri du, edukiak bildu eta gazteen eta haurren parte-hartzea sustatzeko.

Aldi berean, Aldundia ez da gizarte osoa murgilduta dagoen digitalizazio-prozesutik kanpo geratzen. Horregatik, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak ahalegin handia egingo du teknologia berriak herritarrengana hurbiltzeko. "Digitalizazioa beste aliatu bat bihurtu da, eta zaindu, artatu eta ulertu egin behar da pertsonekin parte hartzeko eta elkarreragiteko bide berriak ezartzerakoan. Izan ere, erakundeak irekitzeko, herritarren beharretara egokitutako tresna digitalak egituratu behar dira ", azaldu du Jone Berriozabal foru diputatuak.

Aldundiak kudeatzen dituen atari digitaletatik haratago, legegintzaldi berri honetan, eta bereziki datorren urtean, foru administrazioaren digitalizazioari eta berrikuntzari babes handia eman nahi zaio.

Horretarako, hiru aurrekontu-partida aurreikusi dira, eragin esanguratsua ahalbidetuko duten baliabideen kudeaketa modernizatzeko eta optimizatzeko; web-erabilerraztasuneko plan bat abian jartzea, bigarren bat datu irekien atari berria sortzeko, eta hirugarren bat, 170.000 eurokoa, orokorragoa digitalizazioari dagokionez, besteak beste, prozesuen automatizazioa, adimen artifizialeko eta datu-analisiko tresnak erabiltzea edo chatbotak garatzea aurreikusten duena.