“Eskaintza ona dugu hirian. Merkataritza lehiakorra, desberdina, espezializatua… Merkataritza horretan era guztietako dendak elkartzen dira: denda tradizionalak, gertutasunekoak eta teknologikoki aurreratuak direnak. Beharrezkoak eta osagarriak diren bi eredu dira eta biek osatzen eta indartzen dute hiria, dinamikoagoak, erakargarriagoak eta kaleetan bizitza duten auzoak sortuz. Merkataritza ezinbestekoa da hiria egiteko, baina baita haren hazkunde ekonomikorako ere”. Hitz horiekin, alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek eskerrak eman nahi izan dizkio aste honetan Aenkomerri, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien elkarteari, profesional guztiek “bezeroak atxikitzeko eta erakartzeko, berrikuntza bultzatzeko, tratu berezia bilatzeko eta erronka handiei erantzuteko” egiten duten ahaleginagatik.

Artolazabalek, Aenkomerren sari-banaketan, aipatu duenez, Gasteiz merkataritza handia eta profesional bikainak dituen hiria da eta hiritarrei txikizkako saltokietan erosketak egiteko eskatu die, hiria egiteko modua baita. “Gure dendetan, gertuen ditugunetan, auzokoetan, erosi beharra dugu. Gure merkataritzari balioa eman behar diogu. Indartu egin behar dugu. Eta hori guztion esku dago: erakundeen, kontsumitzaileen eta sektorearen esku”. Alkateordeak onartu du sektoreak ziurgabetasunez betetako garaiak bizi dituela. “Kontsumo-ereduetan aldaketak gertatu dira, onlineko erosketarena adibidez, belaunaldi arteko erreleboa emateko arazoak daude, alokairuen prezioak altuak dira, edo kate handiek eragindako lehiak bizi dituzte, adibidez”. Horren aurrean, erakundeek gertutasuneko merkataritza errazteko eta bultzatzeko baldintzak sortu beharko dituzte. Ohartarazi duenez, ordea, ez dago formula magikorik. “Izan ere, ziklo-aldaketaren erdian gaude, kontsumitzeko gure moduetan gertatu den aldaketarekin. Hiri guztietan gertatu den zerbait da. Gogor lan egin, beste toki batzuetan zer egiten ari diren jakin, berritu eta bezeroengana egokitu beharra dugu. Gero eta kontzientziatuago dauden bezeroak dira, ingurumenaren moduko gaiekiko kezka dute eta kontsumo arduratsuagoa egiten dute”.

Hitzaldian, gainera, auzoetako eta erdiguneko espazio publikoa hobetzeko eta dinamizatzeko Udalak egiten duen lana azpimarratu nahi izan du. “Kale politak, erakargarriak eta zainduak baditugu, jendea erostera animatuko da. Kale zabalak baditugu, oinezkoentzat espazio handiagoa dutenak, komunikazio onak dituztenak (bidegorriak edo garraio publikoa, adibidez)… Edo, beste nolabait esanda, jendearen beharrei erantzuten badiegu, merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuei mesede egiten ariko gara”.