Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak kanpaina bat jarriko du martxan Mugikortasunaren Europako Astea hastearekin batera, ibilbide laburreko ohiko joan-etorrietan bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko. Kanpainaren ardatz nagusia Arabako hainbat herritan grabatutako bideo bat da, Araba bizikletaz. Mugikortasun jasangarriago baten alde izenburukoa.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak eta Patricia Pérez Mugikortasun zuzendariak kanpaina hori abian jarriko dela adierazi dute Europako Astea dela-eta antolatutako ekimenak aurkezteko egin den prentsaurrekoan. Kanpaina hori Europar Batasunak bultzatuta egingo da, 2023ko irailaren 16tik 22ra bitartean, "Konbinatu eta mugitu" lelopean.

Beste jarduketa batzuk ere egingo dira, hala nola Alavabus eta Eskualdeko Garraio lineetako txartela doakoa izatea irailaren 22an, ostirala, "Autorik gabeko Europako Eguna" ospatzeko, eta hainbat foru autobusetan "Garraio publiko GEHIAGO. Aire GarbiAGOA" mezua duen biniloa jartzea da ekintzetako beste bat.

"Araba bizikletaz. Mugikortasun jasangarriagoaren alde" kanpainaren ardatz nagusia da Arabako hainbat herri eta eskualdetan grabatutako ikus-entzunezkoa, non gizonak, emakumeak eta haurrak bizikletaz mugitzen ageri baitira beren ikastetxera eta lantokira joateko, erosketak herriko dendetan egiteko, igerilekura eta kirol instalazioetara hurbiltzeko edo lagunekin gozatzeko.

Bizikletaren erabilera ingurumenerako eta osasunerako onurekin lotzen duten irudiekin amaitzen da bideoa. 

“Kanpaina bihar hasi eta hilaren amaiera arte egingo da sare sozial nagusietan, arabarren arreta erakarri nahi duen spot dinamiko baten hedapen indartsua eginez. Halaber, bideo hori formatu zabalagoan proiektatuko dugu Alavabusen linea guztietako autobusen telebista pantailetan. Izan ere, urtero 1,5 milioi bidaiari inguru biltzen dituzte”, adierazi du.

Halaber, ikus-entzunezko hori Arabako kuadrillen artean banatuko da, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi ahal izateko.

Nogalesek azaldu duenez, kanpaina hau Arabako Bizikletaren Estrategiaren barruan kokatzen da, eta urteko lehen hiruhilekoan Lurraldeko kuadrillek bizikletaren erabilera garraiobide gisa sustatzeko egin zituzten jardunaldi ludikoekin bat egiten du. Arabako Bizikletaren Estrategiak aurreikusten du datozen urteetan hiru milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egitea nahitaezko mugikortasunerako hamar bizikleta bide berritan.   

Doako txartela.

Bestalde, eta Mugikortasunaren Europako Asteari lotutako foru ekimenen barruan, Jon Nogalesek iragarri du Alavabus eta Eskualdeko Garraio lineen txartela erabat doakoa izango dela datorren ostiralean, irailaren 22an, bidaiari guztientzat, Autorik Gabeko Europako Eguna ospatzeko.

Neurri hori Alavabuseko linea hauetan aplikatuko da: Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako emakiden 1-16 lineak; Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten lineak (18. eta 19. lineak); eta lurraldeko landa herrigune txikiei zerbitzua ematen dieten eskualdeko garraioaren linea guztiak. Linea horien ibilbideen, geralekuen eta ordutegien zehaztasunak www.alavabus.eus web orrian daude kontsultagai.

“Horren bidez, foru garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dugu, ibilgailu partikularraren alternatiba gisa, bai eta herritarrei zerbitzuaren berri eman eta ohiko erabiltzaileei aitorpena egin ere. Guztiz merezitako aitorpena da, izan ere, % 32tik gorakoa izan da 2023ko urtarriletik abuztura bitartean Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren lineetan erabiltzaile kopuruak izan duen gorakada” adierazi du.

Irailaren 22an, ostiralean, gainera, foru garraioa erabiltzen duten bidaiariek Autorik gabeko Europako Egunaren oroitzapenezko txartel bat jasoko dute.

Mugikortasunaren Europako Astea dela-eta izango den hirugarren ekimena da "Garraio publiko GEHIAGO. Aire GarbiAGOA" leloa duen binilo berezi bat jartzea Alavabusen beste linea batzuetako bost autobusetan. Horren bidez, mezu bat helarazi nahi zaie arabarrei: ibilgailu partikularra erabili beharrean foru garraioa erabiltzeko hautua egiteak lagundu egiten du ingurumenaren kontserbazioan eta guztion osasunean.