Egun hauek ez dira bereziki beroak izaten ari, haurrek eta helduek hondartzan eta igerilekuetan egunak pasa izan ditzaten. Baina Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak aurreratu duenez, datozen egunetan Arabako lurraldera eta Euskal Autonomia Erkidego osora itzuliko da beroa.
Gaur hodeiak eta ostarteak izango dira. Urdinguneak lurraldearen hegoaldean irekiko dira batez ere; Kantauri isurialdeko zenbait zonaldetan, ordea, hodeiek nagusitasun handiagoa izango dute. Ez da baztertzen egunaren lehen partean euria egitea ipar-ekialdeko zenbait puntutan. Bestalde, baliteke arratsalde-gau partean zaparrada trumoitsuren bat botatzea Nafarroa hegoaldean. Haizeak ipar eta ipar-ekialdetik joko du, eta tenperaturan ez da ia aldaketarik espero.
Izan ere, Euskalmeten azalpenen arabera, atlantikoan antizikloi indartsu bat dago, tinko eutsiko dio datozen egunetan. "Gainera antizikloia kokatuta dagoen bezala iparraldeko haize hezea bidaliko digu. Egunek aurrera egin ahala, antizikloia ahulduz joango da, baina emeki-emeki. Antizikloiaren ahultze-prozesuak aska bat sortzea ahalbidetuko du, eta horrek giroa zertxobait ezegonkortu lezake. Konfigurazio sinoptiko horrekin eta iparraldeko fluxuarekin, giro fresko eta hezea nagusituko da oro har".
Giro motelak jarraipena izango du datozen egunetan, bereziki Kantauri isurialdean. Tarteka euria egingo du, baina ezer gutxi izango da; hori bai, egun askotan euri txikia edo zirimiria egingo du. Iparraldeko haize horrek freno jarriko dio tenperaturari eta beroenak 20-25 gradu artekoak izango dira toki gehienetan; Araba hegoaldean zertxobait altuagoak izan daitezke. Iragarpen aldiaren amaieran tenperatura maximoek goranzko bidea har lezakete. Tenperatura minimoak leunak izango dira: Kantauri isurialdean 15 ºC-tik gorakoak eta Mediterraneo isurialdean apur bat baxuagoak. Olatuen altuera adierazgarria 2 metro ingurukoa izango da gaur, baina jaisten joango da eta iragarpen aldiaren gainerako egunetan 1-1,5 metro ingurukoa izango da.