Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 2026. urterako kirol arloko diru laguntzen deialdi orokorra onartu du, eta 385.000 euro erabiliko ditu irabazi asmorik gabeko elkarteek hirian kirol eta aisialdiko programak antolatzea eta garatzea sustatzeko.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, deialdiak lau laguntza lerro ditu. A taldea, aisialdiko kirolerako, jolaserako jarduera fisikoetarako, urteko programetarako, kirol arloko ekitaldi herrikoietarako, txapelketetarako, lehiaketetarako, memorialetarako eta kirol eta prestakuntza campusetarako da.

B taldea, estatu mailako edo nazioarteko proiekzioa duten kirol ekitaldi handiak antolatzera zuzenduko da, eta C multzoko laguntzak bertako kirola sustatzera bideratuko dira, hala nola euskal pilota, herri kirolak edo Arabako boloak. D multzoko laguntzak kirol taldeek estatu mailako lehiaketa ofizial federatuetan parte hartzea bultzatzera bideratuko dira.

Bileran parte hartzeko izen-ematea udal webgunean egin daiteke

Erakunde interesdunek 20 egun baliodun izango dituzte eskabideak aurkezteko, deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Era berean, Udal Kirol Zerbitzuak sareko bi bilera informatibo egingo ditu azaroaren 6an, 09:30ean eta 19:00etan, diru laguntzen deialdiaren inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko. Bileran parte hartzeko izen-ematea udal webgunean egin daiteke.

Bestalde, Gasteizko Udalaren eta Araski Arabako Emakumeen Saskibaloia klubaren arteko lankidetza hitzarmena ere onartu da, 2025-2026ko denboraldian emakumezkoen saskibaloiarekin lotutako jarduerak sustatzeko, eta Udal Kirol Zerbitzuak 115.000 euro bideratuko ditu akordiora.

Azkenik, Autismo Araba Elkartearekin diru laguntza hitzarmena sinatzea adostu da, ikasturte honetan autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonei zuzendutako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak garatzeko eta finkatzeko. Kirol Zerbitzuak 18.100 euroko ekarpena egingo du horretarako.