Higa hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa da; xede nagusiak ditu hizkuntza gutxituen biziberritzea eta nazioarteko komunitate ezberdinen arteko sare-lana. Hartara, hainbat hiztun-komunitatetako kideek hizkuntzen biziberritze-prozesuetan zein hizkuntza aktibismoaren alorrean formatzeko aukera izango dute, bai eta haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko ere. Gasteizko Udaleko Gazteria eta Euskara Zerbitzuek antolatutako 5 eguneko jardunaldia EHUko udako ikastaroen prestakuntza-programaren baitakoa da. Hala, parte-hartzaileek, goizeko saioetan, hitzaldi edo mahai-inguruak izango dituzte. Bazkalostean, hiztun gazteen arteko elkarlana eta ekintzailetasuna sustatzera bideratutako lantegiak dinamizatuko dira. Arratsaldero, hartu-emana eta elkar ezagutza esparru informalago batean lagunarteko aisialdi-ekintza ezberdinak programatuko dira: kontzertuak, proiekzioak, irteera kulturalak etab. 

Hala, eta ildo beretik, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, Gasteizen egingo da HIGAren, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren, laugarren edizioa 2023ko uztailaren 17tik 21era. Mundu osoko 75 gazte bilduko ditu Gasteizko

Udaleko Euskara eta Gazteria arloetako zerbitzuek bultzatutako proiektuak eta prestakuntza-jarduerak, elkartrukerako eta lankidetzarako guneak eta kultura-jarduerak barne hartuko ditu, hizkuntza-komunitateen arteko sarea ehuntzeko helburuarekin. Izena emateko epea apirilaren 16ra arte egongo da zabalik. Mundu osoko erakundeek zein elkarteek bat egin dute topaketarekin, eta Unescok Higa! aukeratu du Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadako ekitaldi ofizialetako bat izateko. Higan parte hartzeko interesa dutenek apirilaren 16a baino lehen bete beharko dute www.labur.eus/higa webgunean dagoen izen emate galdetegia. Bi baldintza bete beharko dituzte hautagaiek: munduko hizkuntza gutxitu bateko hiztunak izatea eta 18-35 adin tartekoak izatea. Jasotako eskaeren artean 75 aukeratuko dira eta parte-hartzaileek ez dute matrikula-kuotarik ordaindu beharko, ezta ostatu zein otordurik ere. Gainera, baliabide gutxiago dituzten eta/edo geografikoki urrutiago dauden gazteen parte-hartzea bermatzeko, aukera egongo da parte-hartzaile batzuei bidaia (osorik edo zati bat) ordaintzeko. HIGAren koordinatzaileak, Beñat Garaiok, adierazi du “dagoeneko 60 hizkuntza gutxitutako gazteek” eman dutela izena, baina “helburua ahalik eta hizkuntza komunitate gehienetako kideak biltzea” dela eta, horregatik, zalbalkundean laguntzeko deia egin du.