Hiretu Hiria Udaleko Gazteria Zerbitzuaren hezkuntza programak hiriko zortzi ikastetxetako 33 ikasle talde hartzen ditu aurten: Koldo Mitxelena, Corazonistas, Ikasbidea, Ekialde, Lakua, Miguel de Unamuno, EPA El Carmen eta Zabalgana. Guztira 638 gazte, 308 emakume eta 330 gizon. Programaren historiako ediziorik jendetsuena da, eta, Miren Fernández de Landa gazteria zinegotziaren hitzetan, datu horrek “indartu egiten du gazteen parte-hartzearen arloan lan gehiago eta hobea egiteko beharra”. Talde parte-hartzaileen lan hizkuntzari dagokionean, 29 euskaraz ari dira eta 4 gazteleraz. 17 talde DBHko 3. mailakoak dira, lau 4. DBHkoak, zazpi batxillergoko lehen mailakoak eta hiru 2. mailakoak.

"Parte-hartzaileek 9 lan-saio dinamizatu egin dituzte ikasgeletan, urria eta martxoa bitartean. Talde bakoitzak kezka sortzen dien gai bat aukeratu du, osasun mentala hautatuena izanik. Zehazki, 14 taldek egin dute lan gai horren inguruan. Hiru talde ingurumen-gaietan oinarritu dira, hamaika gizarte-gaietan (arrazismoa, berdintasuna, boluntarioak, sare sozialak eta gazteentzako jarduerak) eta bost hiri-gaietan (espazio publikoa, segurtasuna eta mugikortasuna). Hautatu gaietan sakontze aldera, horri buruzko informazioa bilatu, eta gai bakoitzeko adituen pertsonen bisita jaso da", azaldu dute gaur Gasteizko Udaletik.

Oskar Fernández Udaleko Gazteria Zerbitzuburuak adierazi bezala, “proposamen bakoitzak bere aurkezpen-gutuna du (flyerrak, kartelak, pankartak, kamera ezkutuko bideoak, abestiak, kaleko inkestak, sinadura bilketa), baita Hiretu Hiria bera ere, azken txanpan irudia estreinatu baitu.”