Zientziaren Astea Gasteizera itzuli da, eskaintza zabalarekin; doako 200 jarduera baino gehiagorekin. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak, erakusketak eta dibulgazio ikuskizunak, hala nola Zientzia Club ikuskizuna. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Horrela, Zientzia Astearen, UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen, hogeita bigarren edizioa, asteazkenean hasi zen. Bost egunez jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta “teknologiaren mundura erakartzea, eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, usaintzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon egingo da”, azaldu zuten antolatzaileek. “Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, doako 200 jarduera baino gehiagorekin”. Bertaratzen direnek aukera izango dute askotariko jardueretan parte hartzeko: txoko zientifikoak, tailerrak, irteerak, erakusketak, bisita gidatuak, lehiaketak eta abar. Horrez gain, zientzia, musika eta umorea uztartzen dituzten Zientzia Clubeko bakarrizketez gozatzeko aukera izango dute. Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena jardueretako batean, eta, nahiz eta horietako asko beteta egon, oraindik plaza libreak daude. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: www.zientzia-astea.eus. Bestalde, Zientziaren Asteak Euskadiko hainbat leku bisitatuko ditu. Gasteizi dagokionez, nabarmentzekoa da Bibat Museoan dagoela, atzotik igandera arte, eta 11 txoko eta 13 lantegi izango direla bertaratzen direnentzat eta herritarrentzat. Aurten, Zientzia Astea berritasun garrantzitsu batekin dator: Erakusketeko kamisetak: Garapen Jasangarrirako Helburuei buruz kontzientziatzeko irudiak; erakusketa. Erakusketa honetan 108 irudi inprimatu dira kamisetetan. Horren bidez, herritarren kontzientzia hartzen lagundu nahi da gatazka- eta bidegabekeria-egoerak gizartean eraldatzeko herritarrek kontzientzia har dezaten, modu sentikorrean; eta, lehen aldiz, Bilbon eta Barakaldon aurkeztuko da, Zientzia Astearen bidez.

Arrakasta

Bestetik, antolatzaileek azpimarratu zutenez, eta aurreko urteetako arrakasta ikusita, Zientzia “Clubez gozatzeko aukera izango dugu aurten ere, gai eta bakarrizketari berriekin”. Beraz, umorea, musika eta, zientzia dira Zientzia Club formularen hiru osagaiak. Horren barruan, UPV/EHUko zenbait adituk gai zientifikoei buruzko hitzaldi laburrak eskainiko dituzte. Lau saio egingo ditu Zientzia Clubek: azaroaren 10ean (osteguna), Barakaldon; azaroaren 11n (ostirala), Gasteizen; eta azaroaren 12an (larunbata), Bilbon eta Donostian. Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte, eta ikuskizuna 19:00etan hasiko da. UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Bibat Museoaren, Bizkaia Aretoaren, Tabakaleraren, Donostia Kultura, Metro Bilbaoren, Euskotrenen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.