Elikagai ekologikoak baino askoz gehiago eskaintzen duen baratzea. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) adimen desgaitasuna duten pertsonentzako zentro okupazionaletako 42 erabiltzailek urte hasieratik parte hartzen dute Indesa 2010 enplegu zentro bereziak Arbulun duen nekazaritza ustiategian egindako baratze ekologikoen proiektu berri batean.

Atzo Arbuluko zentroan izan zen Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua, José Luis Alonso Quilchano Indesa 2010eko zuzendari kudeatzailea eta Patxi Antón GOFEko zuzendari kudeatzailea lagun zituela. Bertatik bertara ezagutu zituzten labore ekologikoen ezaugarriak eta erabiltzaileek egunero egiten dituzten lanak. Izan ere, azaldu zutenez, urtarrilean nekazaritza-praktikak sartu ziren, astean behin, Gasteizko zazpi okupazio-zentrotako erabiltzaileentzat. Zehazki, atzo praktika-txanda izan zen Salburua eta Arriaga okupazio-zentroen erabiltzaileen artean. Ildo beretik jarraituz, aipatzekoa da praktiketarako erabiltzen den finka ekologikoak 3.500 metro koadro inguru dituela, eta, urteko sasoi honetan, hainbat baratze produktu erein, landatu, ureztatu eta jorratzeko lanak egiten direak, besteak beste tomatea, piperra, uraza, zerba, tipula, alberjinia, aza gorria, brokolia eta azenarioa. “Proiektu horren helburuak honako hauek dira: nekazaritza ekologikoa adimen desgaitasuna duten pertsonengana hurbiltzea, pertsona horiei lan merkatuan txertatzen laguntzea, elikagaien laborantza jasangarria sustatzea, eta zentroaren finketako bat pixkanaka nekazaritza jasangarriago eta ingurumenarekiko kontzientziatuago baterantz bideratzea, hau da, nekazaritza ekologikorantz”, azaldu zuten aipatutako bisitan. “Frogatuta dago adimen desgaitasuna duten pertsonek oso modu positiboan erantzuten dietela landa lanei, beste onura batzuk lortzen baitituzte, hala nola aire zabalean egotea, eskulan atsegingarria eta gizartean integratuta sentitzea. Egiten diren lanak erabiltzaileentzat egokituta daude, banaka kontuan hartzeko adina lan daudelako. Bestalde, taldean ere egiten dira jarduerak, zeharkako gaitasunak sustatuz, hala nola talde lana. Izan ere, urte osoan zehar, zentro okupazionaletako adimen desgaitasuna duten hamar bat pertsona joaten dira aldizka Arbulura ohiko laboreetan laguntzera”, gaineratu zuten Arabako Foru Aldundiatik.

Indesaren Arbuluko nekazaritza ustiategia Burgeluko udalerrian dago; bi hektareako azaleran ohiko nekazaritzako laboreak ditu, eta berotegiek 6.600 metro koadroko azalera hartzen dute.