Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) Soziologian doktorea da, EHUko irakaslea, EJko Eustat eta Prospekzio Soziologikoetan teknikaria, Soziolinguistika Klusterreko kide eta lehenengo lehendakaria, Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria eta Garabide Elkarteko lehendakaria. Lan-esperientzia honekin, Martinez de Lunak badaki euskarak zer egoera duen Araban, eta, beraz, Eragin-Janzten zikloaren hurrengo hizlaria izango da.
Izan ere, Eragiteko Janzten zikloaren hurrengo topaketa datorren astean izango da, Salburuako gizarte etxean. Han, Iñaki Martinez de Luna Asier Etxenikerekin batera egongo da eta 2040ko Gasteizko euskaldunak. Irudikatzen? gaia jorratuko dute. 2016an 15 eta 19 urte bitarteko arabarren ia % 75 euskalduna zen. Horiek 2040an 40 eta 45 adin tartean egongo dira. Zer gertatuko da bitartean? Asier Etxenike eta Iñaki Martinez de Lunak azalduko dutenez, hainbat dira horretan eragingo duten aldagaiak: hiztun tipologiak, ezagutza mailak, migrazioak, jarrerak... aurreikusi daiteke joerek hartuko duten bidea? Ildo horretatik, DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian adituak azaldu duenez, euskararen etorkizuna Araban, bai jakintzan bai erabileran, arabar guztien esku dago. Azken datuen arabera, euskararen ezagutza nabarmen hobetzen ari da herritarren artean, eta gero eta gehiago dira euskara dakiten arabarrak. Hala ere, ez da ikasten den erritmoan erabiltzen, eta euskararen erabilera ezagutzaren oso azpitik doa. “Orain beste urrats bat egin behar dugu, eta une honetako premiak zein diren aztertuta, horiei erantzun egokia eman behar diogu”, dio.
Eragiteko Janzten izeneko saio berrian, Arabako euskararen egoera aztertuko duzue. Zer egoeratan dago euskara Araban?
-Oraindik egoera apalean dagoen arren, euskara ari da pixkanaka igotzen, ezagutza batez ere eta erabilera modu xumeagoan. Kontuan izan behar da euskara haurren eta gazte jendearen eskutik ari dela hedatzen, eta belaunaldi erdaldunenak helduenak eta adinekoenak direla.
Zuek galdera bitxi bat egiten duzue eta nik berdina egingo dizut zuri. 2016an 15 eta 19 urte bitarteko arabarren ia % 75a euskalduna zen. Horiek 2040an 40 eta 45 adin tartean egongo dira. Zer gertatuko da bitartean?
-Argi dago euskararen ezagutza asko haziko dela, batez ere hezkuntza sistemaren eskutik. Baina gaitasun hori hankamotz geldituko da, erdararen gaitasuna askoz sendoagoa baldin bada. Alegia, gaitasun desorekatu hori arriskutsua da, elebidunak diren pertsonek erdarara jotzeko joera izango dutelako, gaztelania erosoago gertatzen zaielako.
Nola bilakatuko da euskararen erabilera lurraldean, zure iritziaren arabera?
-Gertatuko dena gertatuko dela, hori gure esku dago neurri handian. Hau da, euskararen erabilera areagotzeko behar diren baldi-tzak sendotzen baditugu, erabilerak gorantz egingo du.
Egungo egoera hobetuko da orduan? Nola?
-Arabarrok sortu genituen lehenengo ikastolak gure lurraldean, umeek euskara jakitea nahi genuelako; hori zen garai hartako helburua. Hortaz, helburu hori nahikoa bideratuta dagoela ikusita, orain beste urrats bat egin behar dugu, eta une honetako premiak zein diren aztertuta, horiei erantzun egokia eman behar diegu. Gure ahalegina gaurkotu behar dugu.
Azken datuen eta informazioen arabera, euskara asko hobetu da Araban. Gero eta jende gehiagok ulertzen du, aurreko urteekin alderatuta, baina, hala ere, ez da erritmo berean hitz egiten. Zergatik?
-Garai batean uste genuen umeek euskara ikasi eta, besterik gabe, hizuntza hori baliatuko zuketeela. Ez da horrela izan; oker ginen, hizkuntza baten erabilerak, ezagu-tza ez ezik, beste baldintza egokien premia ere duelako.
Nola aldatu daiteke hori?
-Lehen esan bezala, euskarazko gaitasuna beste hizkuntzetan dugunaren parekoa, gutxienez, izan behar du. Hori ez ezik, motibazioa ere behar da: zergatik erabili euskara? Zer irabazten dugu horrela eginez? Euskaren aldeko motibazioak bultzatu behar dira; adibidez: motibazio identitarioak, euskarak euskaldunak egiten gaituelako; motibazio pragmatikoak, lanerako abantailak ematen dizkigutelako; motibazio integratzaileak, gure gizarteko arlo edo giro euskaldunen ateak irekiko dizkigulako, eta ez gara horietatik at geldituko; eta abar. Bestalde, erabilerarako baldintzak sortu eta ugaritu behar dira: gizartean euskaraz egiteko egoerak (“ariguneak”) ugaritu eta handitu, oro har, bai eta arloz arlo (aisialdian, lan munduan, merkataritzan, eta abar).
2040an handituko da euskaraz hitz egiten duten gazteen kopurua?
-Baliteke, horrela gerta dadin, behar diren pausok egiten baditugu. Hala ere, inoiz ez da ehuneko ehunera izatera iritsiko. Izan ere, mundu globalizatuan eleaniztasuna ezinbestekoa delako; hau da, jendearen nazioarteko joan-etorriak ohikoagoak eta ugariagoak izango direlako; hartara, hainbat hizkuntza ere gurean erabiliko direlako.
Etorkizun urrunago batean, zein izango da Arabako egoera?
-Jakina da, ez dagoela erantzun zuzen eta itxia emateko modurik. Beste galdera batzuekin erantzungo nuke; adibidez: Nolako hizun-tza-egoera nahi dugu Araban etorkizunerako? Zer egiteko prest gaude? Izan ere, kanpoko eraginak ez ezik, gure ahaleginek ere pisua izango dute.
Zer xehetasun gehiago argituko dituzu hitzaldian?
-Saiatuko naiz azaltzen nazioarte mailan dauden eleazniztasunaren aitortza eta aldeko mugimenduak; alegia, gurea bezalako hizkuntza gutxituei aitortzen zaien garran-tzia ere aipatuko dut. Adibidez, 2022-2032 hamarkada hizkuntza indigenen aldeko izendapena UNECOk egin duela gogora ekarriz; halako ahaleginak nahikoa ezezagunak izan ohi dira gurean.
Zein da duzun balorazio orokorra?
-Araban aurrerapauso handiak egin direla azken hamarkadetan, eta baldintza egokietan gaudela euskarak jauzi polita egin dezan. Gure hizkuntzaren etorkizuna, gure esku dago.