elduei eta haurrei euskararekin iristea. Komunikazioan hizkuntza hori nagusi izaten laguntzea eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabaltzea. Helburu horiekin, besteak beste, atzo aurkeztu zen Gasteizen egingo den korrika txikiaren aurkezpen ofiziala. Hala, aurkezpenera bertaratu ziren Miguel de Cervantes eskolako ordezkariak, Amaia Lasaga, Gasteizko Korrika arduraduna eta marrazki lehiaketaren aurtengo irabazlea, Ibaiondo ikastetxetik.

"Korrika Txikia haurrek egiten dugun euskararen aldeko lasterketa da. Lasterketan lekukoa eramango dugu, eskuz esku eta ikastetxez ikastetxe euskararen aldeko mezua zabalduz. Hainbat helburu ditu, euskarari indarra ematea, jendea kontzientziatzea, Gasteizko haurrak euskararen alde daudela adieraztea eta 22.Korrikari gure atxikimendua ematea", azaldu zuten. "Aurten apirilaren 7an, ostegunean, ospatuko dugu gure jai handia!", gaineratu zuten. Hala, eta ildo beretik jarraituz, aurten mezuaren irakurlea Miguel de Cervantes eskola izango da, hainbat arrazoirengatik: eskolaren 50. urteurrena izango delako eta gainera aurten ezarri dutelako D eredua osorik ikastetxean, hain zuzen ere. "Eskola aldaketa prozesu sakon batean murgilduta dago, aldaketa horiek eskolako alderdi guztietan ematen ari dira. Aurten, lehenbiziko ikasturtez D ereduko eskola gara maila guztietan, Euskaran eta euskalduntze prozesuan jartzen ditugu gure indarrak eta hori da eskolako identitate eta helburu garrantzitsuenetariko bat", adierazi zuten ikastetxetik eta gaineratu zuten: "Honez gain, metodologia eta barne antolakuntzan berrikuntza-prozesuan dihardugu. Barne aldaketak auzora eta hirira zabaldu nahi ditugu, gu egiten ari garen lana erakusteko asmoz. Aldaketa estetikoa dirudien arren, eskolaren izen-aldaketa prozesuaren parte garrantzitsua zen, baina, prozesu parte hartzaile eta ireki honek filtro guztiak pasa zituen arren, Vitoria-Gasteizko Udalak ez du bere oniritzia eman. Momentu hau aprobetxatu nahiko genuke gure desadostasuna adierazteko eta erabakia salatzeko. Dena dela, guk jarraituko dugu, orain arte izan garen bezala, Ariznabarrako auzo eskola izaten; euskalduna, inklusiboa, parte-hartzailea eta irekia. Aniztasunari beldur ez dion eskola: guztiona".

Antolakuntza eta ibilbideari dagokionez, Korrika Txikia Zabalgana hiribidean hasiko da arratsaldeko hiruretan. Zabalgana, Ariznabarra, San Martin, Txagorritxu, eta Lakua auzoak zeharkatu ondoren, El Pilar eta Zaramaga auzoetan sartuko da. Ondoren Aranbizkarran zehar jarraituko du, Santa Luzia auzoa zeharkatu, eta zentrora abiatuko da, Plaza Berrian bukatuta.

Denborarekin eta urteekin Txikien Korrika handia bihurtu da. Urtetik urtera metroak gehitu behar izan dizkiote AEKko lagunek ikastetxe guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Aurten 33 ikastetxe izango dira eta 12 kilometro inguru egingo dituzte Gasteizen zehar. "Arratsaldeko 16:30ean, lasterketa bukatutakoan, jaialdia izango dugu Plaza Berrian. Bertan Korrika Txikiaren mezua irakurriko dute Miguel de Cervantes eskolako ikasleek. Eskolako gazteek Gasteiz osora zabalduko dute beraien indarra eta euskaraz hitzekiteko deia", azpimarratu zutenez. Gainera, aurtengo edizioan bi aurkezle berezi egongo dira: Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek gidatuko dute arratsaldeko saioa. Azkenik, "primeran pasako dugu Sumendiko Zunba Herrikoiaren kideen eskutik, euskal abestiak guztiok batera dantzatzen. Musika eta giro aparta Gasteizko txikien egun handi honi bukaera emateko eta Donostian amaituko den igandeko Korrika nagusirako beroketa egiteko. Izan ere, apirilaren 10ean gozatu ahalko dugu Korrika amaierako jaialdia", kontatu zuten.

Bestalde, nabarmendu zutenez, aurten ere Korrikako unitate didaktikoa prestatu da, dagoeneko ikastetxe eta eskoletan daukatena. Unitateari esker Korrika kanta ezagutu dute, eta "asterketarako petoa egingo dugu, besteak beste. Gasteizko haurrok ere gure ekarpena egin diogu Korrikari. Marrazki pila bat egin genituen eta gizarte etxeetan egon ziren erakusketetan ikusi ahal izan zenituzten. Ibaiondoko Noaren marrazkia izan da irabazlea marrazki-lehiaketan eta irudi hori izan da aurtengo kartela egiteko erabili dena", ondorioztatu zuten.