- 2020ko otsailaren 26an, Lapurtutako Haurrei buruzko Lege Proposamena sinatu eta erregistratu zen Espainiako Estatuan, eta 2020ko ekainaren 23an onartu zen hura aintzat hartzea, ia aho batez Diputatuen Kongresuko talde politiko guztien aldetik. Gaur egun, talde politikoak zuzenketen izapidean ari dira lanean.
Lege hau 2017an hasi zen prozesu luze baten emaitza da, Kongresuko taldeei proposamena lehen aldiz aurkeztu zitzaienean, eta horiek aho batez onartu zuten izapide-tzea 2018ko azaroaren 20an. Hala ere, prozedura aurreratua egon arren, “hauteskundeen deialdiak eten egin zuen lehen izapidetze hori”, azpimarratu zuten atzo Gasteizko Udaletik. Gaineratu zutenez, “Espainian ume txikien lapurreta-krimenek duten larritasunean datza proposamen honen garrantzia, 50 urte baino gehiagoko denbora-tartean gertatu baitira eta Estatuko lurralde osoan hedatu baita”. Horregatik, lege-proposamen honen helburua da giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen oinarri diren “egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko eskubideak bermatzea ume txikien lapurreta-delituaren biktimei, gizateriaren aurkako krimen gisa”.
Hain zuzen ere, Nazio Batuen hainbat erakundek esku hartu behar izan dute: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko Nazio Batuen Errelatore Berezi Pablo de Greiff; eta Nazio Batuen desagertze behartuei buruzko Lantaldea. Era berean, Europako Parlamentuak interes handia hartu zuen eta Eskaeren Batzordearen Misioa bidali zuen. Horren emaitza 2017ko azaroan argitaratutako 31 gomendio biltzen zituen txosten bat egitea izan zen. “Proposamen hori onartzeak ekarriko luke Espainiak bete egingo lituzkeela, azkenean, Nazio Batuen eta Europako Parlamentuaren irizpideak eta gomendioak; izan ere, horrela jarduteko irizpide eta mekanismo homogeneoak ezartzen dira autonomia-erkidego guztietan, eta hainbat instituzio eta erakunde sortu eta koordinatu ahal dira”.