- Gazteriaren Foru Erakundeak gazteentzako urteroko jarduerak egiten laguntzeko deialdia onetsi du, 155.000 euroz hornitua Arabako Foru Aldundiak azaldu zuenez atzo. "Gaur -atzo- argitaratu da ALHAOn gazteentzako aisialdiko 2022ko jarduera programetarako dirulaguntza deialdia. Ana del Val foru diputatuak zuzentzen duen Gazteriaren Foru Erakundeak antolatzen du deialdi hori, eta 155.000 euroko zenbatekoa du, iaz baino 10.000 euro gehiago", azaldu zuten atzo Foru Aldundiatik.
Deialdiaren helburua da dirulaguntzak ematea, batetik, 2021/2022 ikasturtean etenik gabe egiten diren eta aisialdiko edo gazteen elkarte edo erakundeek sustatzen dituzten haur eta gazteentzako denbora libreko jarduerak egiten laguntzeko, eta, bestetik, elkarte onuradunen jarduerak antolatu, hedatu eta abian jartzeko prozesuak errazteko behar den materiala eskuratzen laguntzeko. "Jarduerak denbora librean egingo dira, denbora librea aisialditzat hartuta, eta berdintasunean, elkartasunean eta tolerantzian oinarritutako balioak sustatzen dituen hezkuntza espaziotzat. Era berean, begirale talde egokia izan beharko dute jarduera horiek egiteko", azpimarratu zuten atzo Aldundiatik. Gainera, onuradunak izanen dira gazte elkarteak, aisialdikoak edo aurrekoen federazio koordinatzaileak: "Onuradunak izan ahalko dira Arabako Lurralde Historikoko edo Trebiñuko enklabeko gazte elkarteak, astialdiko elkarteak edo aurrekoak koordinatzen dituzten federazioak, araudiaren arabera eratuak eta irabazteko xederik gabeak badira".
Bestalde, diruz lagundu ahal izango dira gutxienez bost hilabetez jarraian eta hamabostean behin egiten diren jarduera programak. "Gaur egungo pandemia egoera dela eta, Balorazio Batzordeak jarraitutasun salbuespena kontuan hartu ahal izango du. Parte hartzaileak zazpi urtetik gorakoak izango dira", erantsi zuten bertako kideek.
Azkenik, erakundeek datorren hilaren 14era arte izango dute laguntza hori eskatzeko epea, eta irailaren 16ra arte justifikatu ahal izango dute.