- Aurten aurtengo Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna ospatzeko aukeratu den leloa hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten da. Eta Gasteizek hainbat konpromiso hartu ditu.
“Hiri Hezitzaileok konpromisoa hartu dugu dimentsio anitzeko erantzun berritzaileak artikula-tzeko eta, horien bidez, gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko, herritar guzti-guztiontzat, inor bazterrean utzi gabe”, azaldu zuten atzo Udaletik eta erantsi ere: “Udal-sail eta herritarrei zuzendutako baliabide guztiak mobilizatuz, gizarte zibilarekin itunak sortuz, parte hartzeko eta hausnartzeko prozedurak bultzatuz eta bizitza osoan zehar prestakuntza-aukerak eskainiz, batez ere gizartean baztertuak izateko arrisku handiena duten kolektiboei erreparatuta”.
Ildo beretik, gaineratu zutenez Hiri Hezitzaileek apustu egiten dute hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko, eskola uztearen kontra borrokatzeko, hezkidetza sustatzeko eta oro har herritarren hezkuntza-arrakastarako, “desorekak murrizteko orduan ezinbesteko zeregina betetzen baitu eskolak. Izan ere, eskolak etengabe bere burua berrasmatu behar du, erronka berriei erantzun ahal izateko. Ildo beretik, zaintzen gaia ere barnean hartu dugu, pertsona orok bizitzako etapa guztietan osotasunean eta duintasunez garatzeko behar dituen babes-elementuak badituela bermatzeko”.
Horrekin guztiarekin, segregaziorik eta oztopo fisiko eta mentalik gabeko udalerri aske eta “irisgarriak sortu nahi ditugu Hiri Hezi-tzaileok, hiriko biztanle guztiengana iritsiko direnak”; askotariko pertsonek elkarrekin jarduteko aukera izango duten “bizikidetzarako guneak sortu nahi ditugu”, ondorioztatu zuten atzo Gasteizko Udaletik.