"Badakigu zaila dela, kanpoko faktore asko daude (ideologikoak, jaiotze tasaren jaitsiera, bakoitzaren egoera, ....) baina une historikoan gaude: erakunde hauek sortu zirenetik lehenengo aldiz, gure gizartearen eraikuntzan oinarrizkoa den Hezkuntza Sistema antolatu eta adosteko momentuan gaude", adierazi zuten atzo ikastolek, Eusko Legebiltzarrean, Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzian egin zuten agerraldian.
Eusko Legebiltzarrean Koldo Tellitu lehendakaria eta José Luis Sukia zuzendari nagusia izan ziren elkartearen ordezkari. "Ikastolak prest gaude, eztabaidatu eta adostu egin nahi dugu, marra gorririk gabe, gure gizarteak hori eskatzen baitigu, eta ezin baitiogu kale egin", adierazi zuten. Legebiltzarreko alderdietako ordezkariei, berriz, bide hori errazteko eskatu zieten: "Mahai honetan zaudeten guztioi deia egiten dizuegu bide horretan aritzera. Ikastolok bide-lagun izango gara, baina guk bakarrik ezin dugu ezer egin; denon ekarpena behar dugu".
Hala, atzo, hiru gai eztabaidatu eta azaldu zituzten Eusko Legebiltzarrean; hiru gaik kezkatzen dute gehien gaur egun elkartea: euskara, segregazioa eta gobernantza eredua. Ildo horretatik, hizkuntza ereduak albo batera utzi eta benetako murgiltze eredu bat ezartzeko eskatu zuten. "Euskara ofiziala da, bai, baina hizkuntza gutxitua da, eta egoera diglosikoak hor dirau. Horregatik proposatzen dugu hizkuntza ereduak baztertzea eta murgiltze eredua ezartzea, eta murgiltze eredua erreala izan dadin, ikastetxeak euskara lehenetsiko duten eremuak izan daitezen eta euskararen arnasgune izan daitezen, Hizkuntza Proiektuak sendotu behar dira eta erdigunean jarri, ikastetxeen eguneroko jardunean eragin behar dute (ikasle, irakasle, langile eta guraso/familiak), ikastetxe bakoitzaren egoera errealera egokituta". esam eta erantsi zuten. "Gizarte oso baten lana behar da, instituzio guztiena, elkarlan bat".
Segregazioari dagokionez: "Segregazioarena arazo sakon eta handia da gure gizartean, eta herri bezala konpondu beharreko egoera batean aurrean gaude. Lortu beharko genuke sektore guzti hauek gureganatzea, bakoitzaren izaera errespetatuz eta mantenduz, baina berek ere euskal izaera onartzea eta bereganatzea eta bazterkeria egoera gainditzea. Bestela, gure etorkizuneko gizarteak sekulako arazoak izango ditu, beste herrialde batzuetan etengabe ikusten ari garen bezala. Gure herri txiki honetan ezin dugu onartu horrelako egoerarik, gure etorkizuna jokoan dago eta denok jarri beharko dugu gure aldetik dagoen guztia egoerari aurre egiteko", azpimarratu zuten.
Gobernantza ereduari dagokionez, titulartasunari dagokion publiko-pribatu eztabaida alboratu behar dela azaldu zuten: "Askotan begiratzen diogu beste herrialdeetan dauden emai-tzei, baina ez, berriz, herrialde horietan dauden gobernantza ereduei; askotarikoak baitira, EAEn sarri erabiltzen den publiko-pribatu sailkapenetik harago askoz ere eredu gehiago baitaude".
Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentziaren barruan, ikastolek beste agerraldi bat egitea aurreikusia dago. Abenduaren amaieran izango zela adierazi zuten atzo.
"Badakigu zaila dela, kanpoko faktore asko daude, baina une historikoan gaude"
Zuzendaria