- Irudi berria, webgunea eta presentzia handiagoa sare sozialetan. Gasteizko Emakumeen Etxeak ikasturte aldaketa aprobetxatu du aldaketak egiteko eta herritarren aurrean presentzia hobetzeko. Hala jakinarazi zuten atzo Miren Fernández de Landa zerbitzuko zinegotziak eta zerbitzuko burua den Mireia Espiauk, Jabekuntza Feministarako Eskolaren ikasturte berriaren aurkezpenean.

Hala, aurkezpen horretan azaldu zutenez, datorren asteazkenean, abiaraziko da Emakumeen Etxearen prestakuntza-proiektuaren, hots, eskolaren programazio berria, Silvia Albert aktorearen No es país para negras ikuskizunarekin. Hegoalde gizarte-etxeko Jesús Ibáñez de Matauco antzokiak hartuko du inaugurazio-ekitaldia, eta "oraindik bada lekurik, edukiera handitu baita covid-aren aurkako neurri berriak direla eta", azpimarratu zuten atzo.

Miren Fernández de Landa zinegotziak nabarmendu zuen Eskolaren proiektua -hamarkada batetik gorako ibilbidea duena- eta Emakumeen Etxea -duela bi urte ireki zena- batzen dituen lotura. Bere hi-tzetan, "eskola Emakumeen Etxean txertatzen da, haren prestakuntza-proiektu gisa. Gainera, ahalduntze kolektiborako prozesuak sustatzen dituzten ekimenak hartzen ditu Etxeak, emakumeak beren intereseko gaien inguruan antolatu daitezen eta beren boterea handitu dezaten, alegia, baliabide material eta sinbolikoen erabilera eta kontrola bereganatu dezaten". Eta gaineratu zuen: "Azken batean, emakumeek zuzenean haiengan eragina duten erabakietan esku har dezaten da Etxearen helburua, berdintasun-politiketan eta gizarte-aldaketan parte hartuz". Horrekin lotuta, zinegotziak eskerrak eman zizkien Gasteizerako Etxea sortzeko "prozesu luzean lagundu diguten emakume guztiei" eta, bereziki, "Sorginenea-Tu Casa Feminista elkarteari, zeinak abiarazi eta lehenengo hamahiru hilabeteetan kudeatu baitzuen".

Ikasturte berriarekin batera, Emakumeen Etxeak logoa estreinatuko du; horrek proiektua emakumeak "ahalduntzerako espazio gisa" identifikatuko du, "non edukiontzia ez ezik edukia ere garrantzitsua baita. Etxearen siluetaren bitartez, espazioari berari egiten zaio erreferentzia: topaketarako espazio irekia. Ortzadarraren sinboloak edukiaren garrantzia sinbolizatzen du, kolektibitatea, aniztasuna eta mugimendua. Sinbolo feministaren bitartez, azkenik, proiektuaren indarra, oinarria eta helburu bera identifikatzen ditugu", ondorioztatu zuen Berdintasuneko zinegotziak.

Webgunea. Profil berria irekitzeko beste arrazoi bat Etxearen proposamenak gazteengana hurbiltzea da. Horixe da proiektuak etapa berrian lortu nahi duen erronka nagusietako bat, Jabekuntzarako Eskolak ume eta gazteei begira sortutako #FeminismoanItzel programazioarekin abiarazitako ildoa sendotzeko. Emakumeen Etxeak www.vitoria-gasteiz.org/emakumeenetxea web orria eguneratu du, Udalaren webgunearen barruan. Proiektuari buruzko informazioa, jardueren agenda, eskaintzen dituen zerbitzuak, talde egonkorrak eta Jabetze Feministarako Eskolaren prestakuntza-jarduerak jaso-tzen ditu web-orriak.