- Mariturriko haur-eskola datorren astean ireki ahal izatea espero du udalak, maiatzaren 5ean sabaiaren zati bat erori eta bi haur zauritu ondoren itxi behar izan ostean.

Horrela, Udalak agindutako kanpoko peritu baten txostenak jasotzen duenez, “eroritako sabai faltsua behar bezala eginda ez egotea izan da istripuaren arrazoi nagusia, izan ere sabaiak ez zituen obra-proiektuan jaso eta fabrikatzaileak adierazitako adina ainguratze”, azaldu zuten atzo Udaletik. Eta erantsi zuten: “Txostenean adierazten denez, istripua ezin zaio inolaz ere eraikinaren mantentze-lan desegokiari egotzi, izan ere oso erabilera-baldintza onetan dago”.

Bestalde, bertatik gaineratu zutenez, gaur hasiko dira haur-eskolan dauden antzeko sabaiak konpontzen, eta horien berrikuspen xehatua egin eta desmuntatzen, “ainguratze gehiago behar diren aztertzeko”. Mariturriko haur-eskola eraikin berria da, 2014an inauguratua, eta udala aztertzen ari da “enpresa eraikitzaileak sabai faltsuak behar bezala ez egitearen ondorioz izan ditzakeen erantzukizunak”, ondorioztatu zuten.