- Gazteriaren Foru Erakundeak Arnastu - Eskola Naturan proiektua jarri du abian. Arabako Lehen Hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako ekimena da, zehazki 5. eta 6. mailako haurrei. Helburua da egun bat naturarekin harremanetan igarotzea, ikaskuntza prozesuan egun desberdin bat bizitzea eta ingurune naturalak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea.
"Arnastu-Eskola Naturan proiektuaren abiapuntua da, egungo egoeraren aurrean, haurrek eskoletan atseden hartzeko duten premiaren inguruko hausnarketa. Covid-19aren krisiaren ondorioz, oraingo egoera eta baso eskolak sortu zirenekoa oso antzekoa da", azaldu eta erantsi zuten Aldundiatik: "Aire zabalean egotea espazio itxietan egotea baino onuragarriagoa da osasunerako: areagotzen dira jarduera fisikoa, gaitasun psikomotorrak eta adimen espaziala; osasuna, oro har, hobetzen da; antsietatea eta estresa murrizten dira; funtzio kognitiboak ahalbidetzen dira (memoria, arreta, kontzentrazioa...); sormena garatzen da; gizarte harremanak sustatzen dira; eta erresilientzia bultzatzen da, besteak beste. Horixe Gazteriaren Foru Erakundeak eskaini eta lortu nahi duena".
Metodologia aire zabaleko ikaskuntzan oinarritzen da, haurraren kezkatik eta esperientzia sentsorialetik abiatuta. Aire zabaleko eskola egun bateko esperientzia da, eta irakasleek eta ikasleek beren eskolak ingurune natural batean nola garatu ikusi eta bizi ahal izango dute. "Gazteriaren Foru Erakundeak dagoeneko Arabako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiak gonbidatu ditu otsailean hasiko den jarduera honetan parte hartzera. Izena emateko epeak irekita jarraitzen du".